Zakarias 11 EAB

Jaunak herri ahaltsuak hondatu

1 Zabaldu zeure ateak, Libano,eta irents bitza suakzure zedroak.

2 Egizu intziri, zipres horrek,zedroa erori egin baita,soildu egin dituztezuhaitzik garaienak;egin intziri, Baxango arteok,erori egin baita oihan trinkoa.

3 Intzirika ari dira herrien artzainak,ezereztua baitute beren ospea;orroka ari dira lehoiak,hondatua baitaJordan inguruko edertasuna.

Bi artzainak

4 Honela dio Jaunak, nire Jainkoak: «Zaindu hiltzeko diren ardiak.

5 Erosleek errudun sentitu gabe hiltzen dituzte; saltzaileek, berriz, honela diote: “Bedeinkatua Jainkoa! Aberasten ari naiz!” Artzainek berek ere ez dute ardien errukirik.

6 Nik ere ez dut errukirik izango lurraldeko bizilagunekin. Hala diot nik, Jaun honek. Gizakia, nor bere artzainaren eta erregearen esku utziko dut; erregeek lurraldea erraustuko dute, eta ez dut inor aterako haien eskuetatik».

7 Orduan, tratulariek hiltzeko zeuzkaten ardien artzain bihurtu nintzen. Bi makila hartu nituen: batari «Edertasun» ezarri nion izena, eta besteari «Batasun», eta artzain hasi nintzen.

8 Hilabete batean hiru artzain kendu nituen; baina haserretu egin nintzen ardien kontra, eta beraiek ere aspertu egin ziren nitaz.

9 Orduan, esan nien: «Ez dut jarraitu nahi zuek larratzen. Hil behar duena, hil dadila! Galdu behar duena, gal dadila! Geratzen direnek, jan dezatela elkar!»

10 «Edertasun» makila hartu eta hautsi egin nuen, herrialde guztiekin Jaunak egindako ituna hausten nuela adierazteko.

11 Egun hartan desegin zen ituna, eta niri begira zeuden ardi-tratulariek argi eta garbi ezagutu zuten Jaunak bere mezua azaltzen zuela horretan.

12 Gero, esan nien: «Ondo baderitzozue, ordaindu lansaria; bestela, utzi». Haiek zilarrezko hogeita hamar txanpon ordaindu zizkidaten.

13 Jaunak esan zidan: «Begira nolako prezioa ezarri dioten nire buruari. Eramazkiozu tenpluko urtzaileari». Hartu nituen, bada, hogeita hamar txanponak, eta tenpluko urtzaileari eraman nizkion.

14 Gero, bigarren makila, «Batasun» deitua, hautsi nuen, Judaren eta Israelen arteko senidetasuna hausten nuela adierazteko.

15 Jaunak agindu zidan: «Joka ezazu artzain arduragabearen antzera.

16 Izan ere, neuk jarriko dut herrian artzain bat; ez du ardi galduen ardurarik izango, ez da aldenduen bila ibiliko; ez ditu zaurituak sendatuko, ezta osasuntsuak bazkatuko ere; gizenduak jan egingo ditu eta apatxak ere atera egingo dizkie».

17 Bai errukarria artzain arduragabea,artaldea bertan behera uzten duena!Ezpata haren besoaren aurka,haren eskuineko begiaren aurka!Ihartu bekio besoa!Itsutu bekio eskuineko begia!

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14