Zakarias 12 EAB

Jerusalem inguratua eta askatua

1 Israeli buruzko Jaunaren mezua. Jaunak zabaldu du zerua, berak oinarritu lurra, berak eman dio gizakiari bizi-arnasa.

2 Honela dio Jaunak: «Inguruko herri guztiak mozkortuko dituen ardo-kopa bihurtuko dut Jerusalem, eta gauza bera egingo dut Juda osoarekin ere, Jerusalem setiatuko dutenean.

3 Egun hartan, hala ere, harri astun bihurtuko dut Jerusalem herri guztientzat: jasotzen ahalegintzen dena, zauritu egingo da. Lurreko herri guztiak bilduko dira Jerusalemen aurka.

4 Hala diot nik, Jaun honek: Zaldiak izuz eta zaldizkoak beldur-ikaraz joko ditut; atzerritarren zaldiak itsutu egingo ditut; neure begiak, ordea, zabal-zabalik izango ditut Judako herriarentzat.

5 Orduan, Judako buruzagiek esango dute beren baitan: “Beren Jainko Jaun ahalguztidunari esker, indar berriak hartu dituzte Jerusalemgo bizilagunek”.

6 Egun hartan, nire eraginez, Judako buruzagiek aldameneko herri guztiak irentsiko dituzte, ezker-eskuin, suteak sasia bezala, zuziak lasto-balak bezala; Jerusalemgo bizilagunek, ordea, beren hirian jarraituko dute bizitzen.

7 «Baina nik, Jaunak, Judako herrialdeak salbatuko ditut lehenengo, Daviden ondorengoak eta Jerusalemgo bizilagunak Judako beste herrialdeen kaltetan harro ez daitezen.

8 Egun hartan, neuk, Jaunak, zainduko ditut Jerusalemgo bizilagunak: makalena Daviden pareko izango da; Daviden ondorengoak izango dira gidari, Jainkoa bera bezala, Jaunaren aingerua bezala.

9 «Egun hartan, Jerusalemi erasoka etor dakizkion guztiak hondatuko ditut.

10 Daviden etxe gainera eta Jerusalemgo bizilagunen gainera bihotz-damua eta otoitz-espiritua isuriko ditut. Ni zulatua ikustean, hiletak joko dituzte seme bakarrarengatik bezala, negar samina egingo dute lehen-semeagatik egin ohi den bezala.

11 Egun hartan, handia izango da Jerusalemen hileta-negarra, Megidoko lautadetan Hadad-Rimon jainkoari egiten zaiona bezalakoa.

12 Lurralde osoak egingo du hileta-negarra, senitarteek senitarteka, gizonezkoek batetik eta emakumeek bestetik: Daviden senitarteak eta Natanenak,

13 Lebiren senitarteak eta Ximeirenak;

14 bizirik gelditutako senitarte guztiek, gizonezkoek batetik eta emakumezkoek bestetik.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14