1 Hara, badator Jaunaren eguna. Zure ondasunak, Jerusalem, guda-harrapakin bezala banatuko dituzte.
2 Atzerriko nazio guztiak bilduko ditu Jaunak Jerusalemen aurka: hiria hartu, etxeak hustu, emakumeak bortxatu egingo dituzte. Hiri erdia erbestera joango da; baina gainerako bizilagunak ez dituzte botako hiritik.
3 Orduan, Jauna aterako da nazio horien aurka borrokara, lehenagoko guduetan egin ohi zuen bezala.
4 Egun hartan, Oliamendi gainean jarriko ditu oinak, Jerusalemen sortaldean. Bitan ebakiko da Oliamendi, eta haran bat azalduko da sortaldetik sartaldera; mendiaren erdi bat iparralderantz aldenduko da, beste erdia hegoalderantz.
5 Mendi arteko haran horretatik egingo duzue ihes, Atzaleraino iritsiko baita. Ihes eginen duzue, zuen aurrekoek Judako errege Uziasen egunetan lurrikaragatik egin zuten bezala. Orduan, Jauna, nire Jainkoa, etorriko da, bere aingeru guztiekin.
6 Egun hura ez da lehenik argi eta gero ilun izango;
7 paregabeko egun izango da, gaurik gabeko egun, arratsean ere iraungo baitu argiak. Hori noiz gertatuko den, Jaunak bakarrik daki.
8 Egun hartan, ur biziak sortuko dira Jerusalemdik: uren erdiak Itsaso Hilerantz joango dira, eta beste erdiak Mediterraneorantz, uda eta negu.
9 Mundu osoaren errege izango da Jauna. Egun hartan bakarra izango da Jauna, eta ez da haren izena baizik aipatuko.
10 Lurralde osoa lau-lau egingo da, Gebatik Rimoneraino, Jerusalemen hegoaldean. Jerusalem garai egongo da eta Benjaminen Atetik Ate Zaharra zegoen tokiraino —Kantoiko Ateraino— eta Hananeelen Dorretik erregearen Dolareetaraino hedatuko da.
11 Bizilagunez betea egongo da eta ez dute gehiago suntsituko; Jerusalemek seguru iraungo du.
12 Jerusalemen aurka borroka egin zuten herri guztiei zigor hau ezarriko die Jaunak: haragia usteldu egingo zaie oraindik bizirik daudela, begiak beren zuloetan ustelduko zaizkie, mihia aho barruan.
13 Egun hartan, Jaunak bidalitako beldur-ikara larriak hartuko ditu: batek lagunari eskua ematean, besteak ukabilkada emango dio.
14 Judako jendeak ere Jerusalemen alde egingo du borroka. Inguruetako herrien aberastasunak bereganatuko dituzte: zilar, urre eta soinekoak ugari.
15 Lehen aipatu den zigor berbera jasango dute zaldi, mando, gamelu, asto eta etsaien guda-etxoletako beste abere guztiek.
16 Jerusalemi eraso egin zioten herrietan bizirik geldituak, urtero-urtero etorriko dira errege Jaun ahalguztiduna gurtzera eta Etxola Jaia ospatzera.
17 Jauna gurtzera Jerusalemera igoko ez den herriak ez du euririk hartuko bere lurraldean.
18 Egiptoarrak ez badatoz, Jaunak zigortu egingo ditu, Etxola Jaia ospatzera ez datozen beste atzerritarrak bezala.
19 Horixe izango da Egiptorentzat eta Etxola Jaia ospatzera ez datozen herri guztientzat zigorra.
20 Egun hartan, zaldien txilinek ere hauxe eramango dute idatzita: «Jaunari sagaratua»; aldare aurreko isipu-ontziak bezain sakratu izango dira tenpluko galdarak.
21 Jerusalem eta Judako galdara guztiak Jaun ahalguztidunari sagaratuak egongo dira. Sakrifizioak eskaintzera etorriko diren guztiek galdara hauetan egosiko dute opari-okela. Egun hartan ez da gehiago merkataririk izango Jaun ahalguztidunaren etxean.