Zakarias 7 EAB

Barauari buruzko galdera: ospakizunak eta zuzentasuna

1 Darioren erregealdiko laugarren urtean, Kasleu deritzan hilean, hau da, bederatzigarren hilaren lauan, Jaunak bere mezua zuzendu zion Zakariasi.

2 Betel-Saretzerrek, erregearen gobernu-gizon nagusiak, lagun-talde bat bidali zuen Jaunari mesedea eskatzera

3 eta Jaun ahalguztidunaren etxeko apaizei eta profetei galdera hau egitera: «Dolu eta barau egin behar ote dugu bosgarren hilean, aspaldiko urteetan egin izan dugun bezala?»

4 Jaun ahalguztidunak erantzun hau eman zidan,

5 apaizei eta herritar guztiei adierazteko: «Hirurogeita hamar urteotan, bosgarren eta zazpigarren hilean dolu eta barau egiten duzuenean, nire omenez egiten al duzue?

6 Jan eta edaten duzuenean, ez al duzue zeuen onerako egiten?»

7 Gisa honetako mezua iragarria zuen jadanik Jaunak antzinako profeten bidez ere, Jerusalem, inguruko herriak, Negev eta Xefela oraindik bizilagunez beteak eta bakean zeudenean.

8 Jaunak mezu hau ere eman zion Zakariasi:

9 «Honela dio Jaun ahalguztidunak: Epai ezazue zuzentasunez, izan on eta errukitsu;

10 ez zapaldu alargun, umezurtz, arrotz eta errukarriak; ez dezala inork lagun hurkoaren aurka kalterik asmatzen jardun».

11 Ez zuten, ordea, jaramonik egin; bizkarra eman zioten Jaunari, entzungor egin haren hitzari.

12 Gogortu egin zuten beren bihotza, Jaun ahalguztidunak, bere espirituaz, antzinako profeten bidez ematen zizkien irakaspen eta hitzak ez entzuteko. Orduan, haserre gorritan jarri zen Jaun ahalguztiduna,

13 eta esan zuen: «Nik dei egitean entzun ez zutenez, nik ere ez diet entzungo beraiek niri dei egitean.

14 Herri ezezagunetan sakabanatu nituen; haien atzean lurra soil geratu zen, bizilagunik eta ibiltaririk gabe. Hara lur bikaina lur gorri bihurtua!»

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14