Mateo 1 EABD

AURKEZPENA: DAVIDEN SEME ETA JAINKOAREN SEME DEN JESUSEN MISTERIOA (1,1—4,16)

Jesus birjinagandik jaioa.

Jesusen genealogia

1 Abrahamen eta Daviden ondorengo den Jesus Mesiasen arbasoen zerrenda :

2 Abrahamek Isaak sortu zuen; Isaakek Jakob; Jakobek Juda eta honen anaiak;

3 Judak Fares eta Zara, Tamarrengandik; Faresek Esrom; Esromek Aram;

4 Aramek Aminadab; Aminadabek Naason; Naasonek Salmon;

5 Salmonek Booz, Rahabengandik; Boozek Obed, Rutengandik; Obedek Jese,

6 eta Jesek David erregea.Davidek Salomon sortu zuen, Uriasen emazte izanarengandik;

7 Salomonek Roboam; Roboamek Abia; Abiak Asaf;

8 Asafek Josafat; Josafatek Joram; Joramek Ozias;

9 Oziasek Joatam; Joatamek Akaz; Akazek Ezekias;

10 Ezekiasek Manases; Manasesek Amon; Amonek Josias,

11 eta Josiasek Jekonias eta honen anaiak, israeldarrak Babiloniara erbesteratu zituzten garaian.

12 Babiloniako erbestealdiaren ondoren, Jekoniasek Salatiel sortu zuen; Salatielek Zorobabel;

13 Zorobabelek Abiud; Abiudek Eliakim; Eliakimek Azor;

14 Azorrek Sadok; Sadokek Akim; Akimek Eliud;

15 Eliudek Eleazar; Eleazarrek Matan; Matanek Jakob,

16 eta Jakobek Jose, Mariaren senarra; eta Mariagandik jaio zen Jesus, Mesias deritzana.

17 Hona, beraz, zenbat gizaldi guztira: Abrahamengandik Davidengana hamalau; Davidengandik Babiloniako erbestealdira beste hamalau, eta Babiloniako erbestealditik Mesiasengana beste hamalau.

Jesusen sortzea

18 Jesus Mesiasen sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen; eta, elkarrekin bizitzen hasi aurretik, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez.

19 Jose, Mariaren senarra, gizon zuzena zen; ez zuen hura salatu nahi, eta isilean uztea erabaki zuen.

20 Asmo horrekin zebilela, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengoa, ez izan beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko, harengan sortua Espiritu Santuarengandik baitator.

21 Semea izango du, eta zuk Jesus ezarriko diozu izena, berak askatuko baitu bere herria bekatuetatik».

22 Hau guztia, Jaunak profetaren bidez esana bete zedin gertatu zen:

23 Hara, birjinak haurdun gertatu eta semea izango du, eta Emmanuel jarriko dio izena (Emmanuel izenak «Jainkoa gurekin» esan nahi du).

24 Esnatzean, Jaunaren aingeruak agindua egin zuen Josek, eta Maria emaztetzat hartu zuen.

25 Eta ez zuten ezkontza-harremanik izan, Mariak semea izan zuen arte, eta Josek Jesus izena ipini zion.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28