Mateo 4 EABD

Jesus basamortuan tentatua

1 Orduan, Espirituak basamortura eraman zuen Jesus, deabruak tenta zezan.

2 Berrogei gau eta berrogei egunez egon zen han, barau eginez, eta azkenik gosetu egin zen.

3 Hurbildu zitzaion, orduan, tentatzailea eta esan zion:—Jainkoaren Semea zarenez, agindu harri hauek ogi bihurtzeko.

4 Jesusek erantzun zion:—Liburu Santuetan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da.

5 Ondoren, deabruak hiri santura, Jerusalemera, eraman zuen eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik,

6 esan zion:—Jainkoaren Semea zarenez, bota zeure burua behera, idatzia baitago: Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko. Eta besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun.

7 Baina Jesusek erantzun:—Hau ere idatzia dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.

8 Berriro, deabruak hartu eta mendi garai batera eraman zuen; munduko erreinu guztiak beren handi-ederrean erakutsi

9 eta esan zion:—Hori guztia emango dizut, ahuspezturik gurtzen banauzu.

10 Jesusek, orduan:—Alde hemendik, Satanas! Idatzia baitago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.

11 Orduan, deabruak utzi egin zuen, eta aingeruak etorri zitzaizkion zerbitzatzera.

Jesus Galileara

12 Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutela jakitean, Galileara joan zen Jesus.

13 Baina Nazaret utzirik, Zabulon eta Neftaliren lurraldean jarri zen bizitzen, aintzira-bazterrean dagoen Kafarnaum herrian.

14 Horrela, Jainkoak Isaias profetaren bidez esana bete zen:

15 Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea, itsas ondoko bidea, Jordanez haranzko lurraldea, jentilen Galilea!

16 Ilunpetan zegoen herriak argi handia ikusi du. Itzalpean bizi zirenei argiak egin die distira.

JESUSEN EGITEKOA: ERREGETZA HOTS EGINA ETA AGERTUA (4,17—16,20)

Jesus berri ona hots egiten hasi

17 Une hartatik hasi zen Jesus honela hots egiten: «Bihozberri zaitezte, gainean baituzue Jainkoaren erregetza».

Jesusek lehen ikasleei dei

18 Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zebilela, bi anaia, Simon, Pedro deitua, eta Andres, ikusi zituen, sarea uretara botatzen, arrantzaleak baitziren.

19 Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet».

20 Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.

21 Aurrerago, beste bi anaia ikusi zituen, Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin ontzian sareak konpontzen. Eta dei egin zien.

22 Haiek, ontzia eta aita utzirik, jarraitu egin zioten.

Jesus eta jende-taldea

23 Jesus Galilea guztian barrena ibili zen, hango sinagogetan irakasten. Jainkoaren erregetzaren berri ona hots egiten zuen eta herriko gaitz eta eritasun guztiak sendatzen.

24 Siria guztian zabaldu zen Jesusen entzutea. Edozein gaitz edo oinazek jotakoak —deabrudun, epileptiko nahiz elbarriak— eramaten zizkioten, eta hark sendatu egiten zituen.

25 Jende-talde handiek jarraitu zioten alde guztietatik: Galilea, Dekapolis, Jerusalem eta Judeatik eta Jordanez beste aldetik.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28