Mateo 12 EABD

Jaiegunari buruzko eztabaida

1 Behin batean, larunbatez, gari-soro batean zehar zihoan Jesus. Ikasleak goseak zeuden, eta galburuak hartu eta jaten hasi ziren.

2 Hori ikustean, fariseuek esan zioten Jesusi:—Begira, larunbatez zilegi ez dena egiten ari dira zure ikasleak.

3 Hark erantzun:—Ez al duzue inoiz irakurri zer egin zuen Davidek, bera eta bere lagunak goseak aurkitu zirenean?

4 Nola Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskainiriko ogiak jan zituzten, legez ez berak eta ez bere lagunek, baizik eta apaizek bakarrik jan zitzaketenak?

5 Eta ez al duzue Liburu Santuetan irakurri apaizek tenpluan larunbatero atseden-legea hausten dutela, horregatik errudun izan gabe?

6 Ba, nik diotsuet: Bada hemen tenplua baino gehiago den bat.

7 Ulertu bazenute zer esan nahi duen Jainkoak esandako honek: Nahiago dut errukia sakrifizioak baino, ez zenituzketen errugabeok gaitzetsiko.

8 Zeren larunbataren nagusi baita Gizonaren Semea.

Elbarria larunbatez sendatua

9 Handik alde egin eta sinagogara joan zen Jesus.

10 Bazen han besoa elbarri zeukan gizon bat. Fariseuek, zertan salatuko, galdetu zioten:—Zilegi al da larunbatez inor sendatzea?

11 Jesusek erantzun zien:—Zuetako zeinek, ardi bakarra eduki eta larunbatez zulora erortzen bazaio, ez du hartu eta aterako?

12 Eta zenbatez ez da gehiago gizakia ardia baino! Legezko da, beraz, larunbatez on egitea.

13 Orduan, gizonari esan zion:—Luzatu beso hori.Hark luzatu, eta sendaturik gelditu zitzaion, bestea bezain ongi.

14 Handik atera zirenean, fariseuek elkar hartu zuten Jesusen kontra, nola hilko.

Jesus, Jainkoaren zerbitzaria

15 Horretaz jabeturik, handik aldendu egin zen Jesus. Jende askok jarraitu zion, eta hark denak sendatu zituen,

16 bera nor zen inori ez esateko aginduz.

17 Horrela, Jainkoak Isaias profetaren bidez esana bete zen:

18 Hona hemen nire zerbitzaria, nik hautatua, nire maitea, atsegin dudana. Beronen gain ezarriko dut neure espiritua: nazioei justizia iragarriko die.

19 Ez du haserrerik sortuko, ez du oihu egingo, ez da kaleetan haren mintzoa entzungo.

20 Kanabera printzatua ez du hautsiko, ahulduriko argi-metxa ez du itzaliko, justizia nagusi ezar dezan arte.

21 Bera izango dute itxaropen nazioek.

Jesus eta Beeltzebul

22 Deabruaren menpe zegoen gizon bat eraman zioten Jesusi, itsua eta mutua. Hark sendatu egin zuen eta gizona hitz egiten eta ikusten hasi zen.

23 Jende guztiak, harriturik, zioen: «Ea Daviden Semea dugun hau!»

24 Fariseuek, ordea, hori entzutean, esan zuten: «Deabruen buruzagi den Beeltzebulen indarrez botatzen ditu honek deabruak».

25 Igarri zizkien Jesusek beren gogoetak eta esan zien: «Bere baitan zatiturik dagoen erreinua errauts bihurtuko da. Bere baitan zatiturik dagoen herri edo familiak ez du iraungo.

26 Beraz, Satanasek Satanas botatzen badu, zatiturik dago eta bere buruaren aurka ari da; nola iraun dezake haren erreinuak?

27 Eta nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen baditut, noren indarrez botatzen dituzte zuen ikasleek? Horregatik, zeuen ikasleak izango dituzue epaile.

28 Deabruak Jainkoaren Espirituaren indarrez botatzen baditut, ordea, argi dago Jainkoa zuen artean errege izaten hasia dela.

29 «Izan ere, nola sar daiteke inor indartsu baten etxera lapurretara, aldez aurretik hura lotzen ez badu? Orduan bai, harrapa ditzake haren etxeko ondasunak.

30 «Nire alde ez dagoena nire kontra dago, eta nirekin biltzen ez duena sakabanatzen ari da.

31 «Horregatik diotsuet: Bekatu eta birao oro barkatuko dio Jainkoak gizakiari, baina Espiritu Santuaren kontrako biraorik ez dio barkatuko.

32 «Norbaitek Gizonaren Semearen kontra zerbait esaten badu, barkatuko dio Jainkoak; baina Espiritu Santuaren kontra hitz egiten duenak ez du barkamenik izango, ez mundu honetan eta ez datorrenean.

Zuhaitza eta fruitua: bihotza esanetan nabari

33 «Emazue zuhaitza ona dela: fruitua ere ona izango da. Edota zuhaitza txarra dela: fruitua ere txarra izango da. Zuhaitza fruitutik ezagutzen da.

34 Sugekumeok! Nola esan zenezakete gauza onik, zeuek gaiztoak izanik? Ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten baitu.

35 Ona denak, bere ontasun-altxorretik, ona ateratzen du; eta gaiztoak, bere gaiztakeri altxorretik, gaitza.

36 «Hona nik esan: Bakoitzak esan dituen alferreko hitz guztien kontu eman beharko du auzi-egunean.

37 Zeren zeuen hitzen arabera zuzenetsiko baitzaituzte Jainkoak, eta zeuen hitzen arabera gaitzetsiko».

Lege-maisu eta fariseuak mirarizko seinale eske

38 Lege-maisu eta fariseu batzuk honela hasi zitzaizkion Jesusi: «Maisu, zuk egindako mirarizko seinaleren bat ikusi nahi genuke».

39 Jesusek erantzun zien: «Seinale eske ari da gizaldi gaizto eta desleial hau, baina ez zaio seinalerik emango, Jonas profetarena besterik.

40 Zeren, Jonasek arrainaren sabelean hiru egun eta hiru gau egin zituen bezala, hala egingo ditu Gizonaren Semeak ere hiru egun eta hiru gau lurraren barruan.

41 Ninivetarrek auzi-egunean gizaldi honen kontra altxatu eta kondenatu egingo dute, beraiek bihozberritu egin baitziren Jonasen predikuz, eta baduzue hemen Jonas baino handiago den bat.

42 Hegoaldeko erreginak ere auzi-egunean gizaldi honen kontra altxatu eta kondenatu egingo du, munduaren bazterretik etorri baitzen Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta baduzue hemen Salomon baino handiago den bat.

Espiritu gaiztoaren itzulera

43 «Espiritu gaiztoa, norbaitengandik irten ondoren, leku idorretan barrena ibili ohi da atseden bila; baina, aurkitzen ez duelarik,

44 bere buruari esaten dio: “Noan berriro atera nintzeneko neure etxera”. Iristean, etxea hutsik, garbitua eta apaindua aurkitzen du.

45 Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen ditu berekin, bera baino gaiztoagoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jartzen da bizitzen; horrela, pertsona horren azken egoera lehengoa baino okerragoa gertatzen da. Gauza bera gertatuko zaio gizaldi gaizto honi ere».

Jesusen egiazko familia

46 Oraindik Jesus jendeari hitz egiten ari zela, haren ama eta anai-arrebak azaldu ziren kanpoan, berarekin hitz egin nahian.

47 Batek esan zion:—Adizu, ama eta anai-arrebak dituzu kanpoan, zurekin hitz egin nahian.

48 Jesusek, berriz, erantzun zion:—Nor da nire ama eta zein nire anai-arrebak?

49 Eta, bere ikasleengana eskua luzatuz, esan zuen:—Hauek ditut nik ama eta anai-arreba.

50 Izan ere, zeruko nire Aitaren nahia egiten duena, horixe dut nik anaia, arreba eta ama.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28