Mateo 15 EABD

Juduen usadioak eta Jainkoaren nahia

1 Jerusalemdik etorritako zenbait fariseu eta lege-maisu hurbildu zitzaizkion Jesusi eta galdetu zioten:

2 —Zergatik hausten dute zure ikasleek zaharren ohitura? Ez dute otordu aurretik eskuen garbikuntza egiten.

3 Jesusek erantzun zien:—Eta zuek zergatik hausten duzue Jainkoaren agindua zeuen usadioengatik?

4 Esate baterako, Jainkoak esan zizuen: Ohoratu aita-amak, eta: Aita nahiz ama madarikatzen duenak heriotza-zigorra izango du.

5 Zuek, ordea, beste hau diozue: Norbaitek aitari edo amari esaten badio: «Zuri eman behar nizukeena Jainkoari eskainia diot»,

6 halakoak ez duela aitarekiko agindu hori bete beharrik; horrela, Jainkoaren hitza baliogabe uzten duzue, zeuen usadioengatik.

7 Itxurazaleok halakook! Ederki asko esan zuen Isaias profetak zuetaz:

8 Herri honek ezpainez ohoratzen nau, baina niregandik urrun du bihotza;

9 alferrik naute gurtzen; hauen irakaspena giza agindu hutsa.

Zerk kutsatzen du gizakia

10 Jesusek jendeari dei egin eta esan zion: «Entzun eta ulertu ongi!

11 Gizakia ez du ahotik sartzen zaionak kutsatzen; ahotik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia».

12 Ondoratu zitzaizkion, orduan, ikasleak eta esan zioten:—Ba al dakizu hitz horiekin fariseuak sumindurik utzi dituzuna?

13 Jesusek erantzun zien:—Zeruko nire Aitak landatu ez duen landare oro sustraitik aterako dute.

14 Utz itzazue! Itsu dira, eta itsu-gidari. Eta itsuaren gidaria itsua bada, biak zulora eroriko dira.

15 Pedrok eskatu zion:—Adieraz iezaguzu esanahia.

16 Jesusek erantzun:—Zuek ere ez al duzue oraindik ulertzen?

17 Ez al duzue ikusten ahotik sartzen den guztia sabelera joaten dela eta handik komun-zulora?

18 Ahotik ateratzen dena, berriz, bihotz barrutik dator, eta horrek bai egiten duela gizakia zikin!

19 Izan ere, bihotzetik ateratzen dira asmo txarrak, hilketak, adulterioak, lizunkeria, lapurretak, gezurrezko testigantzak, irainak.

20 Horiek dira gizakia kutsatzen dutenak; baina eskuak garbitu gabe otordua egiteak ez du gizakia kutsatzen.

Jesusek emakume kanaandarraren alaba sendatu

21 Handik irtenik, Tiro eta Sidon aldera aldendu zen Jesus.

22 Hartan, inguru haietan bizi zen emakume kanaandar bat deiadarka hasi zitzaion:—Erruki zakizkit, Jauna, Daviden Semea! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba.

23 Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun. Bere ikasleek, ondoraturik, eskatu zioten:—Kasu egiozu, deiadarka baitatorkigu atzetik.

24 Jesusek, ordea:—Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak.

25 Baina emakumea, hurbildurik, ahuspez jarri zitzaion, esanez:—Lagun nazazu, Jauna.

26 Jesusek, orduan:—Ez dago ongi seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea.

27 Emakumeak erantzun zion:—Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusien mahaitik erortzen diren ogi-apurrak.

28 Orduan, Jesusek esan zion:—Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzuna!Eta une hartatik sendatua gelditu zitzaion alaba.

Gaixo asko sendatu

29 Handik atera eta Galileako aintzira-bazterrera joan zen Jesus. Mendira igo zen eta eseri.

30 Jendetza handia bildu zitzaion, herren, itsu, besamotz, mutu eta bestelako gaixo asko berekin zituztela. Ondoan ipintzen zizkioten eta Jesusek sendatu egiten zituen.

31 Denak harriturik gelditu ziren ikusten zutenaz: mutuak hizketan, elbarriak sendaturik, herrenak ibiltzen eta itsuak ikusten. Eta Israelen Jainkoa goresten hasi ziren.

Jesusek jendetzari bigarrenez jaten eman

32 Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan zien:—Errukia ematen dit jende honek: badaramatzate hiru egun nirekin eta ez dute deus ere jateko. Eta ez ditut etxera baraurik bidali nahi, ahuleziak joko bailituzke bidean.

33 Ikasleek esan zioten:—Baina nondik atera guk bakardade honetan, hainbat jende asetzeko adina ogi?

34 Jesusek galdetu zien:—Zenbat ogi dituzue?—Zazpi —erantzun zioten— eta arraintxo banaka batzuk.

35 Orduan, jendeari lurrean esertzeko agindu zion.

36 Gero, zazpi ogiak eta arrainak hartu eta, Jainkoari esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari.

37 Asetzeraino jan zuten denek, eta zazpi otarre bete zituzten hondarrekin.

38 Lau mila gizon izan ziren jan zutenak, emakumeak eta haurrak aparte.

39 Gero, jendeari agur egin ondoren, Jesus txalupara igo eta Magadan lurraldera joan zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28