Mateo 5 EABD

Erregetza hitzez hots egina: mendiko hitzaldia (5,1—7,29)

Sarrera

1 Jendetza ikusirik, Jesus mendira igo zen. Eseri eta ikasleak hurbildu zitzaizkion.

2 Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:

Zoriontasunak

3 «Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.

4 «Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko.

5 «Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz.

6 «Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko.

7 «Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango.

8 «Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa.

9 «Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko.

10 «Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak, haiek baitute Jainkoa errege.

11 «Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki-esaka erabiliko zaituztetenean.

12 Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan; zuen aurreko profetak ere halaxe erabili zituzten.

Munduarentzat gatz eta argi

13 «Zuek zarete munduarentzat gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, botatzeko baizik eta jendeak zapaltzeko.

14 «Zuek zarete munduarentzat argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen hiria.

15 Kriseilua ere ez da pizten ontzipean ipintzeko, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egiteko.

16 Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten.

Jesus eta legea

17 «Ez uste izan Moisesen legea edo profeten esanak huts bihurtzera etorria naizenik; ez naiz huts bihurtzera etorri, beren betera eramatera baizik.

18 Zeren eta benetan diotsuet: Zeru-lurrek dirauten bitartean legearen hitz batek edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte.

19 Beraz, agindurik txikienetako bat hausten edota hausten irakasten duena, txikien bezala hartuko du Jainkoak bere erreinuan; betetzen edota betetzen irakasten duena, ordea, handitzat hartuko du Jainkoak bere erreinuan.

20 Hara zer diotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.

Senideen arteko harremanak

21 «Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaiena: Ez hil inor; eta hiltzailea kondenatua izango da.

22 Nik, berriz, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena kondenatua izango da; bere anaia iraintzen duena biltzar nagusian kondenatua izango da, eta hitzez mintzen duena, infernuko sutara kondenatua izango da.

23 «Beraz, aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, zure senideak zure kontra zerbait baduela gogoratzen bazaizu,

24 utzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera; itzuli gero zeure oparia eskaintzera.

25 «Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, berarekin auzitegira zoazen bitartean; bestela, epailearen eskuetan jarriko zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan, eta kartzelara botako zaituzte.

26 Benetan diotsut: Ez zara handik aterako azken txanpona ordaindu arte.

Adulterioa eta dibortzioa

27 «Badakizue legean agindua: Ez egin adulteriorik.

28 Nik, berriz, hau diotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik adulterioa bere bihotzean.

29 «Eskuineko begia galbide bazaizu, atera eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino.

30 Eskuineko eskua galbide bazaizu, moztu eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.

31 «Legeak agindua du beste hau ere: Bere emaztea uzten duenak eman diezaiola dibortzio-agiria.

32 Nik, berriz, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak —legearen kontra elkartuak ez badira behintzat— adulteriora bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakume horrekin ezkontzen denak adulterio egiten du.

Zinak

33 «Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaien beste hau ere: Ez egin gezurrezko zinik, eta bete Jaunari egindako zinak.

34 Nik, berriz, hau diotsuet: Ez egin inolako zinik, ez zeruarengatik, Jainkoaren tronua baita;

35 ez lurrarengatik, haren oin-aulkia baita; ezta Jerusalemengatik ere, Errege handiaren hiria baita.

36 Ez egin zinik zeure buruarengatik ere, ez baitezakezu zeure ile bakar bat ere zuri edo beltz bihur.

37 Esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa gaiztoarengandik dator.

Mendekua

38 «Badakizue legean agindua: Begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain.

39 Nik, berriz, hau diotsuet: Gaizkileari ez gaizki erantzun; bestela baizik, eskuineko masailean jotzen zaituenari eskaini beste masaila ere;

40 soinekoa kentzeko auzitara eraman nahi zaituenari eman soingainekoa ere;

41 norbaitek kilometro bat egitera behartzen bazaitu egin bi berarekin.

42 Eskatzen dizunari eman, eta dirua uzteko eskatzen dizunari ez ukatu.

Etsaiak maitatu

43 «Badakizue legean agindua: Maitatu lagun hurkoa eta gorrotatu etsaia.

44 Nik, berriz, hau diotsuet: Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituztetenen alde;

45 horrela, zeruko zeuen Aitaren egiazko seme-alaba izango zarete, hark zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen baitu eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isurtzen euria.

46 Izan ere, maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten?

47 Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten duzue berezirik? Jentilek ere ez al dute beste horrenbeste egiten?

48 Izan zaitezte, bada, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28