1 Jerusalemera hurbildu zirenean, Oliamendi inguruko Betfage herrixkara iritsirik, bi ikasle bidali zituen Jesusek,
2 esanez: «Zoazte aurreko herrixka horretara; berehala, asteme bat aurkituko duzue lotuta, eta astakume bat harekin; askatu eta ekarri niri.
3 Eta inork ezer esaten badizue, erantzun: “Jaunak behar ditu, baina berehala itzuliko ditu”».
4 Hori Jainkoak profetaren bidez esana bete zedin gertatu zen:
5 Esan Sion hiri ederrari: Hara, badatorkizu zeure erregea, apal eta astotxo baten gainean, astakume baten gainean.
6 Joan ziren, bada, ikasleak eta Jesusek agindu bezala egin zuten.
7 Astemea eta astakumea ekarri eta beren jantziak bizkarrean ezarri zizkieten, eta Jesus gainean eseri zen.
8 Askok eta askok jantziak zabaldu zituzten bidean; beste batzuek, berriz, zuhaitzei adaxkak moztu eta bidean hedatu zituzten.
9 Aurretik eta atzetik zihoan jendeak honela zioen oihuka: «Hosanna Daviden Semeari! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Gora Jainko gorena !»
10 Jesus Jerusalemen sartu zenean, hiri osoak, asaldaturik, galdetzen zuen:—Nor dugu hau?
11 Jendeak erantzuten zuen:—Jesus profeta da, Galileako Nazaretekoa.
12 Jesus tenpluan sartu zen, eta bertan salerosketan ari ziren guztiak kanpora bota zituen eta diru-trukatzaileen eta uso-saltzaileen mahaiak irauli.
13 Eta esan zien: «Liburu Santuak dio: Nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, berriz, lapur-zulo egina duzue».
14 Tenpluan itsuak eta herrenak hurbildu zitzaizkion, eta sendatu egin zituen.
15 Baina apaizburuak eta lege-maisuak haserre bizian zeuden, Jesusek egiten zituen gauza harrigarriengatik eta haurrak tenpluan «Gora Daviden Semea!» oihuka ari zirelako.
16 Eta esan zioten:—Ez al duzu entzuten zer dioten horiek?Jesusek erantzun zien:—Bai. Eta zuek ez al duzue inoiz Liburu Santuko pasarte hau irakurri: Umetxoen eta bularreko haurtxoen ahotik atera duzu gorespena?
17 Eta haiek bertan utzi eta hiritik kanpora atera zen, Betaniara, eta han eman zuen gaua.
18 Biharamun goizean, berriro hirira zetorrela, Jesus gosetu egin zen.
19 Pikondo bat bide-bazterrean ikusirik, bertara hurbildu zen, baina ez zuen aurkitu han hostoa besterik. Orduan, pikondoari esan zion: «Ez bedi hiregandik gehiago fruiturik sor!»Eta bat-batean ihartu egin zen pikondoa.
20 Hori ikusirik, harritu egin ziren ikasleak eta galdetu zioten Jesusi:—Nolatan ihartu da bat-batean pikondoa?
21 Jesusek erantzun:—Benetan diotsuet: Zalantza gabeko sinesmena baldin baduzue, ez duzue pikondoarena bakarrik egingo; baizik eta «Ken hadi hortik eta amildu itsasora» mendi honi esaten badiozue, halaxe gertatuko da.
22 Otoitzean sinesmenez eskatzen duzuen edozer gauza lortuko duzue.
23 Jesus tenplura joan zen, eta, irakasten ari zela, apaizburuak eta herriko zaharrak hurbildu zitzaizkion, galdezka:—Zein aginpidez jokatzen duzu horrela? Nork eman dizu aginpide hori?
24 Jesusek erantzun zien:—Nik ere gauza bat galdetuko dizuet; erantzuten badidazue, esango dizuet nik ere zein aginpidez jokatzen dudan horrela.
25 Joanek noren aginduz bataiatzen zuen, Jainkoaren aginduz ala giza aginduz?Haiek honela zioten beren artean: «Jainkoaren aginduz ari zela esaten badiogu, zergatik ez genion sinetsi erantzungo digu.
26 Giza aginduz ari zela esaten badiogu, berriz, jendearen beldur izan behar, guztiek profetatzat baitaukate Joan».
27 Beraz, erantzun zioten:—Ez dakigu.Jesusek, orduan:—Ba, nik ere ez dizuet esango zein aginpidez jokatzen dudan horrela.
28 Jesusek esan zien: «Ea zer iruditzen zaizuen. Gizon batek bi seme zituen. Batarengana joan eta esan zion: “Seme, hoa gaur mahastira lanera”.
29 Hark erantzun zion: “Ez dut nahi”; baina handik berehala damutu eta joan egin zen.
30 Bestearengana ere joan zen aita eta gauza bera esan zion. Eta hark erantzun: “Banoa, jauna”; baina ez zen joan.
31 Zuen ustez, bietatik zeinek egin zuen aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun zioten.Jesusek esan zien: «Benetan diotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan.
32 Izan ere, etorri zitzaizuen Joan Bataiatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea azalduz, eta ez zenioten sinetsi; zergalariek eta emagalduek, ordea, sinetsi zioten. Eta zuek, hori ikusita ere, ez zarete aldatu: oraindik ez diozue sinetsi.
33 «Entzun beste parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu zuen eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki zuen. Gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen.
34 Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, bere morroiak bidali zizkien nekazariei, fruitutik zegokion partea jasotzera.
35 Baina nekazariek morroiak hartu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin zituzten.
36 Berriro beste morroi batzuk bidali zizkien, aurrekoan baino gehiago, eta haiei ere beste hainbeste egin zieten.
37 Azkenik, bere semea bidali zien, honela pentsatuz: “Neure semeari bederen izango diote begirune”.
38 Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan zuten beren artean: “Oinordekoa duk! Hil dezagun eta egin gaitezen mahastiaren jabe”.
39 Hartu, mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten».
40 Jesusek galdetu zien:—Zer egingo ote die nekazari horiei mahasti-jabeak itzultzean?
41 Erantzun zioten:—Gupidarik gabe hilko ditu eta bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuen esku utziko du mahastia.
42 Jesusek esan zien:—Ez al duzue irakurri Liburu Santuak dioena: Etxegileek baztertutako harria giltzarri gertatu da. Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri?
43 «Horregatik diotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta fruitua aterako dion herri bati emango zaio.
44 Eta harri honen gainera erortzen dena lehertu egingo da, eta harri hau inoren gainera erortzen bada, txikitu egingo du».
45 Parabola hauek entzutean, Jesus beraiengatik ari zela jabetu ziren apaizburuak eta fariseuak.
46 Hargatik, hura atxilotu nahian zebiltzan, baina jendearen beldur ziren, denek profetatzat zeukaten eta.