36 Jesus bere ikasleekin Getsemani zeritzan landa batera iritsi zen, eta esan zien: «Zaudete hemen, ni hara otoitz egitera noan bitartean».
37 Pedro eta Zebedeoren bi semeak eraman zituen berekin. Tristura eta larria sentitzen hasi zen,
38 eta esan zien: «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne nirekin batera».
39 Eta aurreraxeago joanik, ahuspez erori zen eta otoitz egin zuen, esanez: «Ene Aita, ahal bada, urrun ezazu niregandik edari samin hau. Hala ere, egin bedi zuk nahi bezala, ez nik nahi bezala».
40 Ikasleengana joan eta lotan aurkitu zituen. Pedrori esan zion: «Beraz, ordubete ere ezin izan zarete nirekin erne egon?
41 Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia».
42 Bigarren aldiz aldendu eta otoitz egin zuen, esanez: «Ene Aita, edari samin hau derrigorrez edan behar badut, egin bedi zure nahia».