Apokalipsia 11 EAB

Bi testiguak

1 Ondoren, neurtzeko kanabera eman zidaten, makila baten antzekoa, esanez: «Jaiki eta neur itzazu Jainkoaren tenplua eta aldarea, eta zenbatu bertan kultu egiten ari direnak.

2 Utzi, ordea, neurtu gabe tenpluaren kanpoko ataria, jentilei eman baitzaie; hauek hankapean erabiliko dute Jerusalem hiri santua berrogeita bi hilabetez.

3 Orduan, neure bi testiguak bidaliko ditut dolu-jantziz estalirik, mila berrehun eta hirurogei egunez profetiza dezaten».

4 Horiek dira lurraren Jaunaren aurrean zutik dauden bi olibondoak eta bi argimutilak.

5 Norbaitek hondatu nahi baditu, sua aterako da haien ahotik eta etsaiak kiskaliko ditu; horrelaxe hilko da beroriek hondatu nahi dituen oro.

6 Hauek zerua ixteko ahalmena dute, profetizatzen ari izango diren garaian euririk egin ez dezan; ura odol bihurtzeko ahalmena ere badute, eta nahi duten guztietan lurra edozein izurriz zigortzekoa ere bai.

7 Baina, beren testigantza amaitzean, leizetik igoko den piztiak borroka egingo die, menderatu eta hil egingo ditu.

8 Haien gorpuak irudizko hizkeran Sodoma nahiz Egipto deritzan hiri handiko plazan geldituko dira, haien Jauna ere gurutziltzatu zuten leku berean.

9 Herri, arraza, hizkuntza eta nazio guztietako jendea etorriko da hiru egun eta erdiz gorpuak ikustera eta ez du utziko haiei lur ematen.

10 Lurreko bizilagunek poztu eta festa egingo dute haien kontura, elkarri esku-erakutsiak eginez, profeta biok samin larria sortzen baitzieten lurreko bizilagunei.

11 Hiru egun eta erdiak igaro ondoren, ordea, Jainkoak bidalitako bizi-arnasa bi testiguen baitan sartu zen, zutik jarri ziren, eta beldur handiak hartu zituen begira zeudenak.

12 Orduan, ahots handia entzun nuen zerutik haiei esaten: «Igo hona». Eta zerura igo ziren hodei batean, etsaien begi aurrean.

13 Une hartantxe, lurrikara handia izan zen eta hiriaren hamarreko bat erori zen; lurrikaran zazpi mila lagun hil ziren, eta gainerakoek, beldurrez beterik, zeruko Jainkoa goretsi zuten.

14 Iragan da bigarren zoritxarra! Baina laster etorriko da hirugarrena.

Zazpigarren turuta. Hogeita lau zaharrak

15 Jo zuen turuta zazpigarren aingeruak, eta ahots handiak entzun ziren zeruan, esanez: «Gure Jaunari eta beronen Mesiasi dagokie orain munduaren erregetza, eta menderen mendetan izango dira errege».

16 Eta beren aintzazko aulkietan eseririk Jainkoaren aurrean zeuden hogeita lau zaharrek, ahuspezturik, Jainkoa gurtu zuten,

17 esanez:«Eskerrak zuri,Jauna, Jainko ahalguztiduna,zarena eta zinena,zeure indar handia hartueta errege izaten hasi zarelako.

18 Haserretu egin ziren herriak,baina iritsi da zure haserrea,eta hilak epaitzeko garaia;etorri da zure zerbitzari profetei,fededuneieta zure izenari begirune diotenei,txiki nahiz handi,saria emateko garaia,eta lurra hondatzen dutenakhondatzeko garaia».

19 Orduan, Jainkoaren tenplua ireki zen zeruan eta haren itun-kutxa agertu zen tenpluan. Berehala tximistak, danbatekoak, trumoiak, lurrikara eta harri-erauntsi handia izan ziren.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22