1 Gero, ur biziko ibai bat erakutsi zidan aingeruak, beira bezain distiratsua, Jainkoaren eta Bildotsaren tronutik irteten zena.
2 Hiriko plaza erdian, ibaiaren bi ertzetan, bizia ematen duen zuhaitza zegoen; urtean hamabi uzta ematen zituen, hilean behin, eta zuhaitzaren hostoak herrientzat sendagai ziren.
3 Ez da jadanik ezer madarikaturik izango. Hirian Jainkoaren eta Bildotsaren tronua egongo da: Jainkoaren zerbitzariek kultu emango diote.
4 Aurrez aurre ikusiko dute eta haren izena bekokian eramango.
5 Ez da aurrerantzean gaurik izango; ez dute kriseilu-argirik, ez eguzki-argirik beharko, Jainko Jaunak egingo baitie argi, eta errege izango dira menderen mendetan.
6 Aingeruak esan zidan: «Egiazkoak eta fidagarriak dira hitzok». Jaunak, profetak inspiratu zituen Jainkoak, bere aingerua bidali du, laster gertatzekoa dena bere zerbitzariei erakusteko.
7 Jesusek dio: «Hara, laster nator. Zorionekoa liburu honetan ematen den Jainkoaren mezua kontuan hartzen duena!»
8 Neuk, Joanek, entzun eta ikusi nuen hau guztia. Eta entzun eta ikusi nuenean, erakutsi zidan aingeruaren oinetan ahuspeztu nintzen adoratzeko.
9 Baina hark esan zidan: «Kontuz, ez egin horrelakorik; ni ere zerbitzari naiz, zu eta zure anaia profetak eta liburu honetako mezuari leial eusten diotenak bezalaxe. Jainkoa gurtu behar duzu».
10 Eta gehitu zuen: «Ez gorde isilpean liburu honetako mezu profetikoa, beteko den garaia hurbil baitago.
11 Honezkero, zuzengabeak jarrai beza zuzengabekerian eta zikinak zikinkerian; zintzoak jarrai beza zintzo izaten eta Jainkoarena denak Jainkoarena izaten.
12 «Hara, laster nator eta neurekin dakart saria, bakoitzari bere egintzen arabera ordaintzeko.
13 Neu naiz Alfa eta Omega, lehena eta azkena, hasiera eta bukaera.
14 Zorionekoak, bizia ematen duen zuhaitzaren fruituak hartu ahal izateko eta hiriko ateetatik sartu ahal izateko beren jantziak garbituko dituztenak!
15 Utikan zakurrak, aztiak, lizunak, hiltzaileak, sasijainkozaleak eta gezurra maite dutenak eta gezurretan dabiltzan guztiak!
16 «Nik, Jesusek, neure aingerua bidali dut eliz elkarteei mezu hau ematera. Neu naiz Daviden kimua eta jatorria, neu goizeko artizar distiratsua».
17 Espirituak eta emazteak diote: «Zatoz!» Entzuten duenak ere esan beza: «Zatoz!»Egarri dena betor, eta har beza doan, nahi badu, biziaren ura.
18 Liburu honetako mezu profetikoa entzungo duenari hau jakinarazten diot: Honi inork ezer eransten badio, liburuan aipaturiko izurriak erantsiko dizkio Jainkoak berari.
19 Eta inork liburu profetiko honetako mezutik ezer kentzen badu, Jainkoak kendu egingo du bera liburuan azalduriko bizia ematen duen zuhaitzetik eta hiri santutik.
20 Hau guztia egia dela baieztatzen duenak dio: «Bai, laster nator».Amen! Zatoz, Jesus Jauna!
21 Jesus Jaunaren grazia guztiokin.