Apokalipsia
Kapituluak 9
Elizen Arteko Biblia
Bosgarren turuta. Matxinsaltoen izurria
1Jo zuen turuta bosgarren aingeruak, eta izar bat ikusi nuen zerutik lurrera eroria. Izarrari leize-zuloko giltza eman zioten,
2eta leize-zuloa ireki zuen: kea atera zen bertatik, labe handi batetik bezala, eta keaz eguzkia eta airea ilundu egin ziren.
3Ke artetik matxinsaltoak erori ziren lurrera, eta lurreko eskorpioiena bezalako ahalmena eman zitzaien.
4Lurreko belarra, barazkiak eta zuhaitzak ez hondatzeko agindua eman zitzaien, baizik eta zigiluaren marka bekokian ez zeramaten gizakiak bakarrik.
5Ez zitzaien hiltzeko baimenik eman, baina bai bost hilabetez oinazetzekoa. Horiek emandako oinazea eskorpioien ziztadarena bezalakoa da.
6Egun haietan gizakiak heriotzaren bila ibiliko dira, baina ez dute aurkituko; hil nahiko dute, baina heriotzak ihes egingo die.
7Gudurako prest dauden zaldien itxura zuten matxinsaltoek; buruan urrezkoak bezalako koroak zeramatzaten; aurpegiak giza itxurakoak zituzten,
8ile-adatsa emakumeena bezalakoa, eta hortzak lehoiarenak bezalakoak;
9burdinazkoak bezalako bularrekoak zituzten, eta hegal-hotsa gudura zalapartaka doazen zalgurdi askoren zarata bezalakoa zen;
10eskorpioiek bezalako isatsak zituzten, eztenez hornituak: eta isatsekin gizon-emakumeak bost hilabetez hondatzeko ahalmena zuten.
11Matxinsaltoek leizeko aingerua zuten errege, hebreeraz Abadon eta grekoz Apolion deritzana (hau da, Suntsitzailea).
12Iragan da lehen zoritxarra! Baina beste bi falta dira oraindik.
Seigarren turuta. Zaldi eta zaldizko hondatzaileak
13Jo zuen turuta seigarren aingeruak, eta Jainkoaren aurrean dagoen urrezko aldarearen lau ertzetatik ateratzen zen ahotsa entzun nuen.
14Honela ziotsan turuta zeukan seigarren aingeruari: «Aska itzazu Eufrates ibai handiaren ondoan loturik dauden lau aingeruak».
15Aske utzi zituzten lau aingeruak: prest zeuden hilabete, egun, ordu eta une hartan gizon-emakumeen herena hiltzeko.
16Zaldizko gudariak berrehun milioi zirela entzun nuen.
17Ikuskarian honelaxe ikusi nituen zaldiak eta zaldizkoak: haien bularrekoak, batzuk sua bezain gorriak ziren, beste batzuk hiazintoa bezain urdinak eta beste batzuk sufrea bezain horiak; zaldien buruak lehoienak bezalakoak ziren, eta ahoetatik sua, kea eta sufrea ateratzen zitzaizkien.
18Gizakien herena hil zen hiru zigor hauengatik —ahotik zerien su, ke eta sufrearengatik, alegia—.
19Zaldiek ahoan eta isatsetan zuten suntsitzeko ahalmena; isatsak suge-itxurakoak eta burudunak zituzten, eta haien bidez hondatzen zuten.
20Halere, gainerako gizon-emakumeek, zigor hauek jo gabeek, ez zuten beren jokabidea aldatu: ez zioten utzi deabruei kultu emateari, ezta ikusteko, entzuteko eta ibiltzeko gauza ez diren urrezko, zilarrezko, brontzezko, harrizko eta zurezko idoloak gurtzeari ere;
21beren giza hilketez, sorginkeriez, lizunkeriez eta lapurretez ere ez ziren damutu.