Apokalipsia

Kapituluak 14

Elizen Arteko Biblia

Bildotsa Sion mendian

1Gero, Bildotsa ikusi nuen Sion mendiaren gainean zutik, eta harekin batera ehun eta berrogeita lau mila lagun, Bildotsaren eta honen Aitaren izena bekokian idatzia zeramatenak. 2Zerutik zetorren hotsa entzun nuen, ur handien edo trumoi handi baten burrunba bezalakoa, beren zitarak jotzen ari diren zitara-jotzaileen hotsa bezalakoa. 3Kantu berria ari ziren kantatzen tronuaren aurrean, lau bizidunen eta zaharren aurrean. Inork ere ez zezakeen kantu hura ikas, lurrekoen artetik salbaturiko ehun eta berrogeita lau mila haiek baizik. 4Hauek garbi gorde zituzten bihotzak, ez baitziren idolatriaz kutsatu, eta orain Bildotsari jarraitzen diote noranahi. Gizakien artetik salbatuak eta Jainkoarentzat eta Bildotsarentzat lehen fruitu bezala eskainiak izan dira; 5haien ahoan ez zen maltzurkeriarik, akats gabeak dira.

Hiru aingeruren mezua

6Gero, beste aingeru bat ikusi nuen zeru goian hegan, eta betiko balio duen mezua iragarri behar zien lurreko bizilagun guztiei, nazio, arraza, hizkuntza eta herri guztiei. 7Hots handiz zioen: «Izan begirune Jainkoari eta eman aintza berari, etorri baita berak mundua epaituko duen ordua; adora ezazue, zerua eta lurra, itsasoa eta ur-iturriak egin zituena». 8Bigarren aingeru bat etorri zen ondoren, esanez: «Erori da, erori, Babilonia handia, herri guztiak bere prostituzio-ardoz mozkortu zituena». 9Ondoren, hirugarren aingeru bat etorri zen, ahots handiz esanez: «Norbaitek piztia eta beronen irudia gurtzen baditu eta bekokian nahiz eskuan haren marka hartzen, 10Jainkoaren sumin-ardoa edan beharko du, haren zigor-kopan nahasgabe garbi prestatua dagoena. Suz eta sufrez oinazetuko dute aingeru santuen eta Bildotsaren aurrean. 11Oinazetzen dituen sua pizturik egongo da menderen mendetan. Piztia eta honen irudia gurtu eta izenaren marka onar dezatenek ez dute atsedenik izango ez egunez, ez gauez». 12Hor agertuko da Jainkoaren aginduei eta Jesusenganako sinesmenari eusten dieten fededunen iraupena. 13Gero, ahotsa entzun nuen zerutik esaten: «Idatz ezazu: Zorionekoak aurrerantzean Jaunarekin bat eginik hiltzen direnak! Bai —dio Espirituak—, atseden hartu ahal izango dute beren nekeetatik, beren egintza onak lagun baitituzte».

Uztaroa eta mahats-aroaUztaroa eta mahats-aroa: Jainkoaren epaiaren irudi dira.

14Gero, hodei zuri bat ikusi nuen, eta hodei gainean gizaseme antzeko norbait eseria, buruan urrezko koroa eta eskuan igitai zorrotza zituela. 15Tenplutik beste aingeru bat irten eta hodei gainean eseria zegoenari esan zion ahots handiz: «Hartu igitaia eta ekin uzta-biltzeari, iritsi baita igitatzeko ordua, lurreko uzta heldu-heldua baitago». 16Eta hodeian eseria zegoena igitatzen hasi zen eta lurreko uzta bildu zuen. 17Gero, beste aingeru bat irten zen zeruko tenplutik, hura ere eskuan igitai zorrotza zuela. 18Beste aingeru bat, suaren gain agintea zuena, irten zen aldaretik eta oihu egin zion ahots handiz igitai zorrotza zuenari: «Hartu igitai zorrotz hori eta bildu lurreko mahastiko mordoak, mahatsa heldu-heldua baitago». 19Aingeruak lurra igitatzen hasi eta lurreko mahastia bildu zuen, eta Jainkoaren zigorraren dolare handira bota. 20Hiritik kanpora zapaldu zuten mahatsa eta, dolaretik hainbeste odol atera zenez, zaldien muturrekoetaraino iritsi zen, hirurehun kilometroko zabaleran.