1 Zeru berria eta lur berria ikusi nituen, suntsituak baitziren lehenengo zerua eta lehenengo lurra, eta jadanik itsasorik ere ez zen.
2 Hiri santua ikusi nuen, Jerusalem berria, zerutik, Jainkoarengandik, jaisten, emaztegaia bere senarrarentzat bezala apaindua.
3 Eta ahots handia entzun nuen tronutik esaten: «Hona Jainkoak gizon-emakumeen artean jarri duen bizilekua; haiekin biziko da; haiek izango ditu bere herri, eta Jainkoa bera izango dute berekin.
4 Haien begietako malkoak xukatuko ditu, eta ez da gehiago heriotzarik izango, ez dolurik, ez negarrik, ez nekerik, lehengo mundua betiko desagertua baita».
5 Eta tronuan eseria zegoenak esan zuen: «Hara, gauza guztiak berri egiten ditut». Eta erantsi zuen: «Idatzi esaten dudan hau egiazkoa eta fidagarria dela».
6 Azkenik, esan zuen: «Egina dago! Neu naiz Alfa eta Omega, hasiera eta bukaera. Egarri denari neuk emango diot doan biziaren iturburutik.
7 Hori izango du garaileak ondare, eta Jainko izango nau ni eta nik bera seme.