8 Koldarrek, ordea, sinesgabeek, gaiztoek, hiltzaileek, lizunek, aztiek, sasijainkozaleek eta gezurti guztiek suz eta sufrez garretan dagoen aintzira, hau da, bigarren heriotza, izango dute ondare».
9 Orduan, zazpi ontziak azken zazpi izurriez beterik zeuzkaten zazpi aingeruetako batek etorri eta esan zidan: «Zatoz, emaztegaia erakutsi behar dizut, Bildotsaren emaztea».
10 Espirituak hartu ninduen eta aingeruak mendi handi eta garai batera eraman ninduen; Jerusalem hiri santua erakutsi zidan, zerutik, Jainkoarengandik, jaisten,
11 Jainkoaren aintzaz dirdaitsu. Haren distira harribitxi ederrarena bezalakoa zen, jaspe harria bezain gardena.
12 Harresi sendo eta garaia zuen, hamabi atekoa, eta ate gainetan hamabi aingeru. Hamabi izen zituzten idatziak, israeldarren hamabi leinuen izenak.
13 Hiru ate zeuden ekialdera, hiru iparraldera, hiru hegoaldera eta hiru mendebaldera.
14 Hiriko harresiak hamabi oinarri zituen, eta hauetan idatziak Bildotsaren hamabi apostoluen izenak.