Apokalipsia
Kapituluak 22:1-6
Elizen Arteko Biblia
1Gero, ur biziko ibai bat erakutsi zidan aingeruak, beira bezain distiratsua, Jainkoaren eta Bildotsaren tronutik irteten zena.
2Hiriko plaza erdian, ibaiaren bi ertzetan, bizia ematen duen zuhaitza zegoen; urtean hamabi uzta ematen zituen, hilean behin, eta zuhaitzaren hostoak herrientzat sendagai ziren.
3Ez da jadanik ezer madarikaturik izango. Hirian Jainkoaren eta Bildotsaren tronua egongo da: Jainkoaren zerbitzariek kultu emango diote.
4Aurrez aurre ikusiko dute eta haren izena bekokian eramango.
5Ez da aurrerantzean gaurik izango; ez dute kriseilu-argirik, ez eguzki-argirik beharko, Jainko Jaunak egingo baitie argi, eta errege izango dira menderen mendetan.
6Aingeruak esan zidan: «Egiazkoak eta fidagarriak dira hitzok». Jaunak, profetak inspiratu zituen Jainkoak, bere aingerua bidali du, laster gertatzekoa dena bere zerbitzariei erakusteko.