4 Beste zaldi bat, gorria, atera zen; haren gainekoari Jainkoak ezpata handi bat eman zion eta lurretik bakea kentzeko ahalmena, horrela gizakiek elkar hil zezaten.
5 Bildotsak hirugarren zigilua ireki zuenean, hirugarren izakiak hau esaten zuela entzun nuen: «Zatoz». Begiratu eta zaldi beltz bat ikusi nuen. Haren gainekoak balantza bat zuen eskuan,
6 eta ahots antzeko bat entzun nuen lau izakien artean esaten: «Kilo bat gari bakarrik eguneko soldataz; hiru kilo garagar bakarrik eguneko soldataz; baina ez hondatu olioa eta ardoa».
7 Bildotsak laugarren zigilua ireki zuenean, laugarren izakiaren ahotsa entzun nuen hau esaten: «Zatoz».
8 Begiratu eta zaldi horixka bat ikusi nuen. Gainekoak Herio zuen izena, eta bere erreinukoek jarraitzen zioten. Lurraren laurdenaren gain ahalmena eman zion Jainkoak, ezpata, gosete, heriotza eta lurreko piztien bitartez jendea hiltzeko.
9 Bildotsak bosgarren zigilua ireki zuenean, Jainkoaren mezuarengatik eta eman zuten testigantzagatik hildakoak ikusi nituen aldare azpian bizirik.
10 Ozenki egiten zuten deiadar, esanez: «Noiz arte, Jaun santu eta egiazko horrek, ez diguzu justizia egin behar, gure hilketa lurrean bizi direnen lepotik mendekatu gabe utziz?»