Eginak 1 EAB

SARRERA (1,1-11)

Hitzaurrea. Jesusek Espiritua agindu

1-2 Teofilo maitea: Neure lehen liburuan, hasieratik zerura jasoa izan zen eguna arte Jesusek egin eta irakatsi zuen guztiaz idatzi nuen. Zerura igo aurretik, Espiritu Santuaren eraginez azken aginduak eman zizkien berak aukeratutako apostoluei.

3 Jesus apostoluei agertu zitzaien bere heriotzaren ondoren eta bizirik zegoeneko froga asko eman zizkien, berrogei egunez bere burua ikustera emanez eta Jainkoaren erregetzaz hitz eginez.

4 Haiekin bazkaltzen ari zen batean, honela agindu zien: «Ez alde egin Jerusalemdik, zaudete nik Aitaren partetik egin dizuedan agintzariaren zain.

5 Joanek urez bataiatu zuen, baina zuek egun gutxi barru Espiritu Santuaz bataiatuak izango zarete».

Jesus zerura igo

6 Orduan, Jesusekin bildurik zeudenek galdetu zioten:—Jauna, orain ezarriko al duzu berriro Israelgo erreinua?

7 Jesusek erantzun zien:—Aitak bakarrik du hori erabakitzeko ahalmena, eta ez dago zuen esku zein aldi edo unetan gertatuko den jakitea.

8 Baina zuen gain jaitsiko den Espiritu Santuaren indarra hartuko duzue, eta nire lekuko izango zarete Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren bazterreraino.

9 Hau esanik, gorantz igo zen Jesus haien begi aurrean, hodei batek begietatik ezkutatu zien arte.

10 Oraindik zerura nola zihoan begira-begira zeudela, zuriz jantzitako bi gizaseme azaldu zitzaizkien ondoan,

11 eta esan zieten: «Galilearrok, zertan zaudete hor zerura begira? Zuen ondotik zerura jasoa izan den Jesus hori, zerura joaten ikusi duzuen bezalaxe etorriko da berriro».

JERUSALEMGO ELIZ ELKARTEA (1,12—8,3)

Judasen ordezkoa hautatu

12 Orduan, apostoluak Jerusalemera itzuli ziren Oliamenditik —mendi hau Jerusalemdik hurbil dago, kilometro batera eskas —.

13 Etxeraturik, bizi zireneko goiko gelara igo ziren. Hona zein ziren: Pedro eta Joan, Santiago eta Andres, Felipe eta Tomas, Bartolome eta Mateo, Santiago Alfeorena, Simon Zelote eta Judas Santiagorena.

14 Guztiok, emakume batzuekin eta Jesusen ama Maria eta anai-arrebekin, bihotz batez otoitzari emanak bizi ziren.

15 Egun haietako batean, Pedrok, senideak bildurik zeudela —ehun eta hogeiren bat laguneko taldea—, jaiki eta esan zuen:

16 «Senideok, bete beharrekoa zen Espiritu Santuak Liburu Santuan Daviden ahoz iragarria, Jesus atzeman zutenen gidari gertatu zen Judasi buruz esana, alegia.

17 Gure taldekoa zen eta gu bezala zerbitzu hau betetzeko aukeratua.

18 Baina bere hobenaren ordain-diruaz soro bat erosi zuen eta, buruz behera amildurik, erditik lehertu zen eta haren erraiak lurrean zabaldu ziren.

19 Jerusalemdar guztiek izan zuten honen berri, eta soro hari “Hakeldama” eman zioten izena beren hizkuntzan, hots, “Odol-soro”.

20 Hau dago idatzia, hain zuzen, Salmoen liburuan: «Bihur bedi haren bizilekua basamortu, geldi bedi inor gabe.«Eta beste hau ere bai: «Har beza beste batek haren kargua.

21-22 «Beharrezkoa da, beraz, norbait gure taldeari elkartzea. Jesus Jauna gure artean bizi izan den denbora guztian —Joanek bataiatu zuenetik zerura jasoa izan den arte, alegia— gurekin ibili direnetakoa izan behar du, gurekin batera haren piztueraren lekuko izan dadin».

23 Bi aurkeztu zituzten: Jose, deituraz Barsaba, izengoitiz Zintzo, eta Matias.

24 Ondoren, honela egin zuten otoitz: «Jauna, guztien barrua ezagutzen duzun horrek, erakuts iezaguzu biotarik zein hautatu duzun,

25 apostolu-zerbitzu honetan Judasek utzi duen tokia betetzeko, zegokion tokira joan baita hura».

26 Zotz eginik, Matiasi egokitu zitzaion eta beste hamaika apostoluekin elkartu zuten.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28