Eginak 28 EAB

Paulo Malta uhartean

1 Arriskutik irten ondoren, jakin genuen uharte hura Malta deitzen zela.

2 Bertako jendeak ohi ez bezalako gizalegez hartu gintuen. Euria eta hotza baitzen, su handia piztu eta guztioi ondora deitu ziguten.

3 Paulok ere bildu zuen besakada bat abar ihar, eta, sutara botatzean, sugegorri bat eskuan itsatsi zitzaion, berotik ihesi.

4 Bertakoek, haren eskutik piztia zintzilik ikustean, elkarri ziotsoten: «Segur aski, hiltzaileren bat da hori; itsasotik ihes egin du, baina Justizia jainkosak ez dio bizitzen uzten».

5 Baina Paulok, sugea astinduz, sutara bota zuen eta ez zitzaion ezeren okerrik gertatu.

6 Haiek uste zuten Paulo berehala handitu eta hilda eroriko zela; egon ziren puska batean zain eta, ezer txarrik ez zitzaiola gertatzen ikusirik, iritziz aldatu eta jainkoa zela esaten hasi ziren.

7 Toki hartatik hurbil, etxalde bat zuen uharteko buruak, Publio zeritzanak. Honek bere etxean ostatu eman zigun hiru egunetan arreta guztiaz.

8 Hain zuzen, Publioren aita ohean zegoen gaixo, sukarraz eta beherakoaz. Joan zitzaion Paulo ikustera eta, otoitz egin eta eskuak ezarririk, sendatu egin zuen.

9 Hori zela eta, uharteko beste gaixoak ere Paulorengana etortzen ziren, eta honek sendatu egiten zituen.

10 Gurekiko begiramenez eta arretaz beteak agertu ziren, eta, berriro itsasora atera ginenean, behar genuen guztia eman ziguten.

Maltatik Erromara

11 Hiru hilabeteren buruan atera ginen, negua uhartean egina zuen Alexandriako ontzi batean; Kastor eta Polux zeramatzan ikurtzat.

12 Sirakusara iritsirik, hiru egun egin genituen bertan.

13 Handik, kostarik kosta Regiora heldu ginen. Biharamunean hego-haizeak jo zuen eta bi egunetan Potzuolira iritsi ginen.

14 Han senideak aurkitu genituen eta, haien erreguei men eginik, astebete egin genuen beraiekin. Ondoren, Erromara heldu ginen.

15 Hango senideak, bai baitzuten gure berri, bidera atera zitzaizkigun Foro Apio eta Hiru Bentara. Haiek ikustean, Jainkoari eskerrak eman zizkion Paulok, eta gogoa bizkortu zitzaion.

16 Erroman sartu ginenean, Paulori bere etxean bizitzeko baimena eman zioten, soldadu bat zaintzaile zuela.

Paulok Erroman mezua hots egin

17 Handik hiru egunera, Paulok judu buruzagiei dei egin zien eta, bildu zirenean, honela mintzatu zitzaien:—Senideok, ni, herriaren aurka edo geure arbasoen usadioen aurka deus ere egin gabe, preso egin eta erromatarren eskuetara eman ninduten Jerusalemen.

18 Haiek, galdeketa egin ondoren, askatu egin nahi izan ninduten, ez baitzidaten heriotza merezi zuenik ezer aurkitu.

19 Baina juduak hain gogor kontra zeudenez, enperadoreagana jo behar izan nuen, baina neure herria salatzeko batere asmorik gabe.

20 Horra zergatik nahi izan dudan zuek ikusi eta zuekin mintzatu; izan ere, Israelen itxaropenagatik naukate lotua kate hauek.

21 Haiek erantzun zioten:—Guk ez dugu Judeatik zuri buruzko eskutitzik jaso, eta ez zaigu seniderik etorri ere, zutaz berri txarrak emanez edo gaizki hitz eginez.

22 Baina atsegin genuke zure ideien berri zeure ahotik entzutea, zure sekta horretaz ez baitakigu, bazter guztietan kontra egiten zaiola besterik.

23 Izendatu zioten, beraz, egun bat, eta asko joan zitzaizkion bera zegoen etxera. Paulo Jainkoaren erregetzaren azalpena eta testigantza egiten jardun zitzaien goizetik arratsaldera eta, Moisesen legea eta profetak oinarri hartuz, Jesusen mezua sinestarazten ahalegindu zen.

24 Batzuek onartzen zuten Paulok esana; beste batzuek, ordea, sinesgogor jarraitzen zuten.

25 Ez zetozen beren artean bat, eta, alde egitera zihoazela, Paulok azkenik esan zien: «Ederki asko esan zien Espiritu Santuak zuen arbasoei Isaias profetaren bidez:

26 «Zoaz eta esaiozu herri honi: Entzungo duzue, bai, baina ulertu ez; ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez.

27 Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak, gortu belarriak, itsutu begiak. Ez bezate beren begiez ikus, ez belarriez entzun, ezta buruaz ulertu ere, horrela niregana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan.

28 «Jakizue, bada, jentilei bidali zaiela Jainkoaren salbamena; horiek bai, entzungo dute» (

29 ).

30 Paulo bi urte bizi izan zen han bere kontura, eta ikustera zetozkion guztiak hartzen zituen etxean.

31 Jainkoaren erregetza hots egiten zien eta Jesu Kristo Jaunari dagokiona irakasten ausarki, batere eragozpenik gabe.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28