Eginak 26 EAB

Paulok bere buruaren alde egin Agriparen aurrean

1 Orduan, Agripak esan zion Paulori: «Hitz egin dezakezu zeure buruaren alde».Paulok eskuaz keinu egin eta honela hasi zuen bere defentsa:

2 «Zorionekoa ni, Agripa erregea, juduek leporatzen dizkidaten erru guztiez gaur neure burua zure aurrean zuritzeko aukera dudalako;

3 eta, areago, zu juduen ohitura eta eztabaidak ongi ezagutzen dituzuna izanik. Entzun iezadazu, beraz, otoi, eroapenez.

4 «Nire bizitza judu guztiek ezaguna dute, neure herritarren artean, Jerusalemen, bizi izan bainintzen gazte-gaztetandik.

5 Aspaldidanik ezagutzen naute eta aitor dezakete, nahi badute, fariseu bezala bizi izan naizela, gure erlijioko alderdirik zorrotzenaren arabera, alegia.

6 Eta orain auzipean baldin banaukate, Jainkoak gure arbasoei egin zien agintzarian itxaropena dudalako da,

7 gure hamabi leinuek, Jainkoa gau eta egun etengabe zerbitzatuz, beteko dela espero duten agintzari horretan itxaropena dudalako. Itxaropen horregatik salatzen naute juduek, errege jauna.

8 Zer, bada? Jainkoak hildakoak piztea sinestezina iruditzen al zaizue?

9 «Egia da, nik ere Nazareteko Jesusi borroka egin behar niola uste izan nuen, horretarako bide guztiak erabiliz.

10 Eta hala egin nuen Jerusalemen: apaizburuengandik harturiko baimenaz, fededun asko sartu nuen kartzelan eta ontzat eman ohi nuen haien hilketa.

11 Etengabe sinagogaz sinagoga ibiliz, gogor zigortzen nituen, beren fedea ukarazteko. Eta, amorruaren amorruz, atzerriko hirietan ere pertsegitu ohi nituen.

Paulok bere konbertsioa kontatu

12 «Hala, banindoan behin Damaskora, apaizburuen baimenez eta mandatuz.

13 Eta bidean, errege jauna, eguerdi aldera, eguzkia baino distiratsuago zen zerutiko argi bat ikusi nuen, eta bere distiraz inguratu gintuen ni eta neure bidelagunak.

14 Denok lurrera erori ginen, eta mintzo bat entzun nuen niri hebreeraz esaten: “Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu? Zeuretzat okerrago eztenari ostikoka egiten badiozu!”

15 “Nor zaitut, Jauna?” galdetu nion nik. Eta Jaunak erantzun: “Jesus naiz, zuk pertsegitzen duzuna.

16 Baina altxa zaitez eta jarri tente! Honetarako agertu natzaizu: orain ikusi duzunaren eta aurrera agertuko dizudanaren zerbitzari eta lekuko bihurtzeko.

17 Nik askatuko zaitut zeure herriaren eskutik eta jentilen eskutik, hauen artera bidaliko baitzaitut,

18 begiak ireki diezazkiezun eta ilunpetatik argitara eta Satanasen menpetik Jainkoarengana bihur daitezen; horrela, niregan sinetsiz, bekatuen barkamena izan eta sagaratuei dagokien ondarea eskura dezaten”.

Paulok juduei eta jentilei egindako testigantza

19 «Nik, Agripa erregea, ez nion zeruko ikuskariari ez entzunarena egin.

20 Aitzitik, Damaskokoei lehenbizi, Jerusalem eta Judea osokoei gero, eta jentilei ondoren, bihozberri daitezela hots egin diet eta Jainkoarengana itzul daitezela, bihozberritzeari dagokion eran biziz.

21 Honengatik atzeman ninduten juduek tenpluan, eta hil egin nahi izan ninduten.

22 Baina Jainkoaren laguntzari esker, handi eta txikien aurrean testigantza egiten jarraitu dut gaurdaino; nik ez dut profetek eta Moisesek aurrez iragarria besterik esaten, hau da,

23 Mesiasek sufritu egin behar zuela; baina, hildakoen artetik aurrena piztuz, salbamenaren argia ekarriko ziela bere herriari eta jentilei».

Paulok Agripari sinesmenera dei

24 Paulo bere buruaren defentsan honela ari zela, Festok goraki esan zuen:—Burutik hago hi, Paulo! Gehiegi ikasteak burua nahastu dik.

25 Paulok erantzun zuen:—Ez nago burutik, Festo agurgarria; nire hitzak egiazkoak eta zentzuzkoak dituzu.

26 Erregeak badaki honen guztiaren berri, eta horregatik mintzo natzaio konfiantza osoz; ziur nago guztiotarik deus ere ez dela harentzat ezezagun, ez baitira zoko batean gertatuak.

27 Sinesten al diezu profetei, Agripa erregea? Ziur nago sinesten diezula.

28 Agripak esan zion Paulori:—Beste pixka bat, eta kristau bihurtuko nauzu.

29 Eta Paulok hari:—Pixka bat nahiz puska bat, Jainkoak nahi izan dezala, zu ez ezik, gaur niri entzuten didaten guztiak ere, ni naizena izatea… katea hauek aparte!

30 Une hartan, erregea altxatu egin zen, baita gobernaria, Berenize eta haiekin zeudenak ere.

31 Ateratzean, honela ziotsaten elkarren artean:—Gizon honek ez du ez heriotza, ez kartzela merezi duenik ezer egin.

32 Agripak Festori esan zion:—Gizon hau aska zitekeen, enperadoreagana jo izan ez balu.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28