Eginak 6 EAB

Estebanen aldia (6,1—8,3)

Elkartearen bizimodua. Zazpien hautapena

1 Garai hartan, ikasleak gero eta gehiago zirelarik, marmarra sortu zen greko-hizkuntzakoen artean hebreera-hizkuntzakoen aurka, haien andre alargunak eguneroko janari-banaketan bazterrera gelditzen zirelako.

2 Hamabiek, ikasleen biltzar orokorra bildurik, esan zuten: «Ez da egoki guk Jainkoaren hitzaren predikua alde batera uztea janari-banaketaz arduratzeko.

3 Beraz, senideok, aukera itzazue zeuen artean izen oneko zazpi gizon, Espiritu Santuaz eta jakinduriaz beteak, eta haiei emango diegu egiteko hori.

4 Gu, horrela, otoitzari eta hitzaren zerbitzuari emango gatzaizkie».

5 Biltzar osoak ontzat eman zuen proposamena, eta Esteban —fedez eta Espiritu Santuaz betea zegoen gizona—, Felipe, Prokoro, Nikanor, Timon, Parmenas eta Nikolas, Antiokiako juduberria, hautatu zituzten;

6 aurkeztu zizkieten apostoluei, eta hauek, otoitz eginez, eskuak buruan ezarri zizkieten.

7 Jainkoaren hitza zabaltzen ari zen; ikasleen taldea franko ugalduz zihoan Jerusalemen, eta apaiz asko ere sinestedun egiten zen.

Estebanen ekintza eta atxiloketa

8 Estebanek, Jainkoaren laguntza eta indarra oparo baitzituen berekin, egintza harrigarri eta mirari handiak egiten zituen herrian.

9 Hartan, zirenear eta alexandriarrez osatua zegoen eta «Askatuena» zeritzan sinagogakoak, ziliziar eta asiar batzuekin batera, Estebanekin eztabaidan hasi ziren.

10 Eta ez baitziren gauza Espirituak hizketarako ematen zion jakinduriari aurre egiteko,

11 gizon batzuk erosi zituzten, zurrumurru hau zabal zezaten: Estebani Moisesen eta Jainkoaren kontra hitz egiten entzun ziotela, alegia.

12 Horrela, herria, zaharrak eta lege-maisuak asaldatu zituzten; gero, Esteban ustekabean harrapatu eta Biltzar Nagusira eraman zuten.

13 Gezurrezko lekukoak aurkeztu zituzten, honela ziotenak: «Gizon hau legearen eta toki santuaren kontra mintzo da etengabe;

14 geuk entzun diogu esaten, Jesus Nazaretarra delako horrek tenplua suntsituko duela eta Moisesek eman zizkigun ohiturak aldatuko dituela».

15 Biltzar Nagusian zeuden guztiek begiak Estebanengan jarriak zituzten, eta haren aurpegia aingeru batena bezain distiratsu ikusi zuten.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28