6 Herodesek hura atera behar zuen aurreko gauean, Pedro lo zegoen bi soldaduren artean, bi katez loturik, eta guardiak atean kartzela zaintzen.
7 Bat-batean, Jaunaren aingerua agertu eta gela guztia argiz bete zen. Aingeruak, saihetsean ukituz, Pedro esnarazi eta esan zion: «Jaiki, bizkor!» Bat-batean, kateak eskuetatik erori zitzaizkion.
8 Gero, aingeruak esan zion: «Lotu gerrikoa eta jantzi oinetakoak». Hala egin zuen, eta aingeruak, berriro: «Jantzi soingainekoa eta jarraitu niri».
9 Pedro haren ondoren atera zen; ez zekien aingeruaren bitartez gertatzen ari zena egia zen ala ez; ametsa zirudion.
10 Lehenengo eta bigarren zaintzaile-taldeen ondotik igarota, kalera zeraman burdinazko ateraino iritsi ziren. Atea berez zabaldu eta kanpora irten ziren. Kale bat igaro ondoren, aingeruak bakarrik utzi zuen Pedro.
11 Gertatuaz jabeturik, Pedrok esan zuen: «Orain bai dakidala Jaunak bere aingerua bidali duela, ni Herodesen eskuetatik eta judu-herriak niretzat zituen asmoetatik askatzera».
12 Bere egoeraz oharturik, Markos izeneko Joanen ama Mariaren etxera joan zen; lagun asko zegoen han bildua otoitzean.