19 Baina juduak hain gogor kontra zeudenez, enperadoreagana jo behar izan nuen, baina neure herria salatzeko batere asmorik gabe.
20 Horra zergatik nahi izan dudan zuek ikusi eta zuekin mintzatu; izan ere, Israelen itxaropenagatik naukate lotua kate hauek.
21 Haiek erantzun zioten:—Guk ez dugu Judeatik zuri buruzko eskutitzik jaso, eta ez zaigu seniderik etorri ere, zutaz berri txarrak emanez edo gaizki hitz eginez.
22 Baina atsegin genuke zure ideien berri zeure ahotik entzutea, zure sekta horretaz ez baitakigu, bazter guztietan kontra egiten zaiola besterik.
23 Izendatu zioten, beraz, egun bat, eta asko joan zitzaizkion bera zegoen etxera. Paulo Jainkoaren erregetzaren azalpena eta testigantza egiten jardun zitzaien goizetik arratsaldera eta, Moisesen legea eta profetak oinarri hartuz, Jesusen mezua sinestarazten ahalegindu zen.
24 Batzuek onartzen zuten Paulok esana; beste batzuek, ordea, sinesgogor jarraitzen zuten.
25 Ez zetozen beren artean bat, eta, alde egitera zihoazela, Paulok azkenik esan zien: «Ederki asko esan zien Espiritu Santuak zuen arbasoei Isaias profetaren bidez: