30 Senideek, horretaz jabetzean, Zesareara eraman zuten eta handik Tarsora bidali.
31 Bitarte hartan, Eliza bakean bizi zen Judea, Galilea eta Samaria guztian; Jaunarenganako leialtasunean bizi zen, eta finkatuz eta ugalduz zihoan, Espiritu Santuarengandiko adoreari esker.
32 Pedro harat-honat zebilen etengabe. Joan zen Lidako fededunak ikustera ere,
33 eta han Eneas zeritzan gizon bat aurkitu zuen, zortzi urte hartan ohatila batean etzana zegoena elbarri.
34 Pedrok esan zion: «Eneas, Jesu Kristok sendatzen zaitu. Jaiki eta bildu ohea». Bat-batean jaiki egin zen.
35 Lidako eta Saron lautadako guztiek ikusi zuten bera, eta Jaunarengana bihurtu ziren.
36 Bazen Jopen emakume fededun bat, Tabita izenekoa (grekoz «Dorkas» —hau da, «Basahuntza»—). On egitera eta behartsuei laguntzera emana bizi zen erabat.