1 Jesus tenplutik ateratzean, bere ikasleetako batek esan zion:—Maisu, begira nolako harriak eta nolako eraikinak!
2 Jesusek esan zion:—Harri-lan ikusgarriak benetan! Baina horra, ez da harririk harri gainean geldituko: dena suntsituko dute.
3 Gero, Oliamendin, tenpluaren aurrez aurre eserita zegoela, Pedro, Santiago, Joan eta Andresek bakarrean galdetu zioten:
4 —Esaguzu noiz gertatuko den hori, eta zertan ezagutuko den hori dena burutzera doala.
5 Honela mintzatu zitzaien, orduan, Jesus: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina.
6 Asko etorriko dira, nire izena bereganatuz eta esanez: “Ni naiz Mesias”; eta jendea franko engainatuko dute.
7 Gerra-hots eta zurrumurruak entzutean, ez izutu: gertatu beharrekoa da hori guztia; baina oraindik ez da azkena.
8 Izan ere, nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; han eta hemen lurrikarak eta goseteak izango dira. Hori guztia erdiminen hasiera da.
9 «Kontu izan zeuen buruarekin! Auzitegi eta sinagogetara eramango zaituztete eta zigortu egingo; agintari eta erregeen aurrean jarriko zaituztete niregatik, eta aitorpen egingo duzue haien aurrean.
10 Zeren eta, azkena baino lehen, herri guztiei hots egina izan behar baitu berri onak.
11 «Auzitegira zaramatzatela, ez egon zer esango duzuen kezkatan; une hartan bertan Jainkoak adieraziko dizuena, esan huraxe, ez baitzarete zuek mintzatuko, Espiritu Santua baizik.
12 Anaiak anaia emango du heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen kontra altxatuko dira eta hil egingo dituzte.
13 Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik; baina azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua.
14 «Profanatzaile higuingarria behar ez den tokian ezarria ikusiko duzuenean —irakurleak uler beza—, orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara;
15 etxe gainean dagoena ez bedi jaits etxetik ezer hartzera,
16 eta soroan dena ez bedi itzul soingaineko bila.
17 Dohakabeak egun haietan haurdun daudenak eta bularreko haurrak dituztenak!
18 Eskatu Jainkoari, hori guztia neguan gerta ez dadin.
19 Zeren egun haiek egun larriak izango baitira; ez da horrelako larrialdirik izan Jainkoak sortu zuen mundu honen hasieratik orain arte, ezta izango ere.
20 Eta Jaunak aldi hori laburtuko ez balu, ez litzateke inortxo ere bizirik aterako; baina, berak hautatu dituen aukeratuak direla eta, laburtu egingo ditu egun horiek.
21 «Orduan, norbaitek “Hona hemen Mesias! Hara han!” esango balizue, ez sinetsi.
22 Izan ere, gezurrezko mesiasak eta sasiprofetak agertuko dira eta aukeratuak berak ere, ahal balitz, engainatzeko moduko mirariak eta egintza harrigarriak egingo dituzte.
23 Zuek, beraz, kontu izan! Jakinaren gainean jarri zaituztet aldez aurretik.
24 «Egun haietan, larrialdi horren ondoren, eguzkia ilunduko da, ilargiak ez du argirik egingo,
25 izarrak zeru goitik amiltzen hasiko dira eta ortzia dardarka ariko.
26 Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikusiko dute.
27 Orduan, aingeruak bidali eta bere aukeratuak bilduko ditu lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.
28 «Ikasi pikondoaren irudi honetatik: kimua berritzen eta hostoa zabaltzen zaioneko, badakizue uda hurbil dela.
29 Era berean, gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela, Gizonaren Semea ate ondoan duzuela.
30 Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok.
31 Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko.
32 Baina zein egunetan edo ordutan gertatuko den, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baizik.
33 «Kontuz, bada! Egon erne! Ez baitakizue ordua noiz den.
34 Gizon bat urrutira doanean bezala da: morroien gain uzten du bere etxea, bakoitzari bere lana emanez, eta zain egoteko agintzen dio atezainari.
35 «Egon zain, beraz, ez baitakizue etxeko jauna noiz etorriko den: arratsean, gauerdian, oilarrak jotzean ala goizean.
36 Ez zaitzatela ustekabean etorri eta lotan aurki.
37 Zuei esaten dizuedan hau, denentzat esaten dut: Egon zain!»