Markos 8 EAB

Jesusek jendetzari bigarrenez jaten eman

1 Egun haietan, berriro jendetza oso ugaria izanik eta jatekorik ez, Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan zien:

2 —Errukia ematen dit jende honek: badaramatzate hiru egun nirekin eta ez dute deus ere jateko.

3 Etxera baraurik bidaltzen baditut, ahuleziak joko ditu bidean, urrutitik etorriak ere badira eta.

4 Ikasleek esan zioten:—Baina nork atera bakardade honetan hauek asetzeko adina ogi?

5 Hark galdetu zien:—Zenbat ogi dituzue?—Zazpi —erantzun zioten.

6 Orduan, jendeari lurrean esertzeko agindu zion. Gero, zazpi ogiak hartu eta, Jainkoari esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei eman zizkien, bana zitzaten. Haiek jendeari eskaini zizkioten.

7 Bazituzten arraintxo banaka batzuk ere; Jesusek bedeinkazioa esan, eta haiek ere banatzeko agindu zien.

8 Asetzeraino jan zuten, eta zazpi otarre bete zituzten hondarrekin.

9 Lau mila inguru ziren. Ondoren, Jesusek agur egin zien,

10 eta bere ikasleekin txalupara igo eta Dalmanuta aldera joan zen.

Fariseuak mirarizko seinale eske

11 Fariseuak etorri eta Jesusekin eztabaidan hasi ziren: Jainkoarengandiko seinale bat eskatzen zioten azpikeriaz, bera nola harrapatuko.

12 Jesusek, barrutik hasperen eginez, esan zien: «Zer dela-eta ari da gizaldi hau seinale eske? Benetan diotsuet: Gizaldi honi ez zaio seinalerik emango».

13 Eta, haiek bertan utzirik, txalupara igo zen eta beste aldera abiatu.

Ikasleen burugogorkeria

14 Ikasleei ogia hartzea ahaztu zitzaien, eta bat bakarra zeukaten ontzian.

15 Jesusek oharpen hau egin zien: «Begira gero! Ibili kontuz fariseuen eta Herodesen legamiarekin!»

16 Haiek, berriz, elkarren artean honela ari ziren: «Ogirik ez dugulako ari zaiguk».

17 Konturatu zen Jesus eta esan zien:—Zer ari zarete ogirik ez daukazuela eta? Oraindik ez al duzue ulertzeko adimenik? Hain burugogorrak al zarete?

18 Begiak eduki, eta ez duzue ikusten? Belarriak eduki, eta entzuten ez? Ez al duzue gogoan,

19 bost mila gizonen artean bost ogiak banatu nituenean, zenbat saski bete zenituzten hondarrekin?—Hamabi —erantzun zioten.

20 — Eta lau mila gizonen artean zazpi ogiak banatu nituenean, zenbat otarre bete zenituzten hondarrekin?Haiek erantzun:—Zazpi.

21 Orduan, esan zien:—Eta oraindik ez duzue ulertzen?

Jesusek itsua sendatu Betsaidan

22 Betsaidara iritsi zirenean, itsu bat ekarri zioten Jesusi, ukitzeko erreguka.

23 Jesusek itsuari eskutik heldu eta herritik kanpora eraman zuen. Begiak listuz igurtzi ondoren, eskuak ezarri zizkion eta galdetu:—Ikusten al duzu ezer?

24 Hark begiratu zuen, eta erantzun:—Gizonak-edo nabaritzen ditut: zuhaitzak dirudite, baina ibili dabiltza.

25 Orduan, berriro eskuak ezarri zizkion begietan, eta argi ikusten hasi zen gizona; sendaturik gelditu zen, guztia garbi-garbi ikusten zuela.

26 Etxera bidali zuen Jesusek, herrian sartu ere ez egiteko aginduz.

JESUS, GIZONAREN SEMEA: MESIAS SUFRIMENDU BIDEAN (8,27—10,52)

Pedrok Jesus Mesiastzat aitortu

27 Gero, Feliperen Zesarea inguruko auzoetarantz abiatu zen Jesus bere ikasleekin. Bidean galdera hau egin zien:—Ni nor naizela dio jendeak?

28 Haiek erantzun zioten:—Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek profetaren bat.

29 Jesusek berriro galdetu zien:—Eta zuek, nor naizela diozue?Pedrok erantzun:—Zu Mesias zara.

30 Eta Jesusek inori ere ez esateko agindu zien zorrotz.

Jesusek bere nekaldi-piztuerak lehenengoz iragarri

31 Orduan, irakasten hasi zitzaien, Gizonaren Semeak asko sufritu behar zuela; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo zutela eta hil; eta hiru egunen buruan piztu egingo zela.

32 Argi eta garbi mintzatzen zitzaien honetaz. Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion.

33 Baina Jesusek, itzuli eta ikasleei begira, gogor eraso zion Pedrori, esanez:—Alde nire ondotik, Satanas! Hire asmoak ez dituk Jainkoarenak, gizakiarenak baizik.

Jesusi jarraitzea

34 Gero, jendeari eta ikasleei dei eginik, esan zien Jesusek: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat.

35 Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik eta berri onagatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du.

36 Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bizia galtzekotan?

37 Eta zer eman dezake gizakiak, berriro bizia bereganatzeko?

38 Beraz, norbait, gizaldi desleial eta bekatari honen aurrean, nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere Aitaren aintzaz beterik aingeru santuekin etorriko denean».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16