1 Eguna argitu bezain laster, apaizburu, zahar eta lege-maisuak bildu ziren —Biltzar Nagusi osoa—, eta, erabakia hartu ondoren, Jesus lotuta eraman zuten eta Pilatoren eskuetara eman.
2 Pilatok galdetu zion:—Zu al zara juduen erregea?Jesusek erantzun zion:—Zeuk diozu.
3 Apaizburuek salaketa asko egiten zituzten haren kontra.
4 Pilatok esan zion:—Ez al duzu ezer erantzun behar? Begira zenbat gauzaz salatzen zaituzten.
5 Baina Jesusek ez baitzion gehiago erantzun, harriturik gelditu zen Pilato.
6 Pazko-jaiero preso bat askatu ohi zuen Pilatok, herriak eskatzen zuena.
7 Bazen kartzelan Barrabas zeritzan bat, matxinadakoan giza hilketa bat egina, beste batzuekin batera.
8 Igo zen jendea gobernariaren jauregira eta ohitura zuena emateko eskatu zioten.
9 Pilatok erantzun zien:—Nahi al duzue juduen erregea askatzea?
10 Ongi baitzekien apaizburuek bekaizkeriaz emana ziotela Jesus.
11 Baina apaizburuek jendea berotu zuten, Barrabas libratzeko eska zezan.
12 Berriro mintzatu zitzaien Pilato:—Eta zer egin behar dut juduen errege deitzen duzuen honekin?
13 Jendeak, orduan, oihu:—Gurutzera hori!
14 Eta Pilatok:—Zer oker egin du, bada?Haiek, are eta oihu handiagoz:—Gurutzera hori!
15 Orduan, Pilatok, jendeari poz emateagatik, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren, haien eskuetara eman zuen, gurutziltza zezaten.
16 Soldaduek gobernariaren jauregira sartu zuten Jesus, eta gudari-taldeko denak bildu zituzten.
17 Purpurazko jantzia ipini zioten soinean eta arantzaz egindako koroa buruan.
18 Eta agurka hasi zitzaizkion: «Agur, juduen erregea!»
19 Kanabera batez jotzen zuten buruan, listua botatzen zioten eta, belaunikatuz, aurrean ahuspez jartzen zitzaizkion.
20 Nahikoa iseka egin ondoren, purpurazko jantzia erantzi eta bere soinekoak jarri zizkioten. Gero, atera eta gurutzean josteko eraman zuten.
21 Sorotik etxerakoan handik zihoan bat, Simon Zirenekoa (Alexandro eta Ruforen aita), Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten.
22 Golgota izeneko tokira eraman zuten Jesus (Golgotak «Burezur» esan nahi du).
23 Mirraz nahasiriko ardoa eskaini zioten, baina ez zuen hartu.
24 Josi zuten gurutzean, eta haren jantziak banatu egin zituzten, zer zeinentzat zotz eginez.
25 Bederatziak ziren gurutziltzatu zutenean.
26 Eta honela zioen kondenaren arrazoia adierazten zuen idazkunak: «Juduen erregea».
27 Jesusekin batera, bi lapur gurutziltzatu zituzten, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.(
28 ).
29 Handik igarotzen zirenek irain egiten zioten Jesusi, buruari eragin eta esanez: «Hara, santutegia desegin eta hiru egunetan eraikitzen omen duena!
30 Salba ezak heure burua! Jaits hadi gurutzetik!»
31 Era berean, apaizburu eta lege-maisuek ere irri egiten zioten, elkarri esanez: «Besteak salbatu ditik, eta bere burua ezin.
32 Mesias omen duk hori, Israelgo erregea; jaits dadila orain gurutzetik, ikus eta sinets dezagun».Berarekin gurutzean josiak zeudenek ere irain egiten zioten.
33 Eguerdian, ilundu egin zuen lurbira osoan hirurak arte.
34 Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan zuen: «Eloi, Eloi, lema sabaktani?» (Hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»).
35 Hau entzutean, bertan zeuden batzuek esan zuten: «Eliasi deika ari duk».
36 Orduan, batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion, esanez: «Egon, ea datorkion Elias gurutzetik eraistera».
37 Baina Jesusek, deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.
38 Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik behera.
39 Aurrean zegoen erromatar ehuntariak, nola hil zen ikustean, esan zuen: «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen».
40 Baziren han emakume batzuk ere, urrutitik begira; haien artean, Magdalako Maria, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome.
41 Hauek Jesusen ondoren eta beraren zerbitzuan ibiliak ziren, Galilean zegoela; bazeuden beste emakume asko ere, Jesusekin Jerusalemera igotakoak.
42 Ilunabarrean —larunbat-bezpera zen egun hura, festarako prestaketak egiteko eguna—,
43 Arimateako Jose Pilatogana joatera ausartu zen, Jesusen gorpua eskatzera. Jose hau kontseiluko kide ospetsua zen, eta Jainkoaren erregetza noiz iritsiko zain zegoen.
44 Harritu zen Pilato ordurako hila izateaz, eta ehuntariari dei egin eta galdetu zion ea egia zen hilda zegoela.
45 Ehuntariaren argibideak jaso ondoren, gorpua eramateko baimena eman zion Joseri.
46 Honek izara bat erosi eta, Jesus gurutzetik eraitsirik, izaran bildu zuen eta haitzean zulaturiko hilobi batean ezarri. Gero, harri bat irauliz, hilobiko sarrera itxi zuen.
47 Magdalako Maria eta Maria, Joseren ama, non ezartzen zuten begira zeuden.