2 Samuel 10 EAB

Amondarrek Daviden mandatariak iraindu

1 Hortan, hil zen amondarren erregea eta honen seme Hanun gertatu zen ondorengo errege.

2 Honela zioen Davidek: «Har dezadan Nahaxen seme Hanun, beronen aitak ni hartu ninduen bezain ongi». Davidek mandatariak igorri zizkion aitaren heriotzagatik doluminak ematera. Mandatariak amondarren lurraldera heldu zirenean, ordea,

3 honela esan zioten amondarren buruzagiek Hanuni, beren jaunari:—Davidek mandatariok zuen aita ohoratzeko bidali dizkizula uste al duzu? Ez ote dizkizu bidali hiria azter eta iker dezaten, gero hondatzeko asmoz?

4 Atzeman zituen, orduan, Hanunek Daviden mandatariak eta alderdi bateko bizarra moztu zien, baita jantziak ere erditik behera, ipurmasailetatik behera. Eta joaten utzi zien.

5 Davidek, horren berri eman ziotenean, bere mandatari haien bila bidali zituen batzuk, oso lotsaturik baitzetozen. Esan zien erregeak:—Geldi zaitezte Jerikon, bizarra hazi arte. Orduan itzuliko zarete.

Davidek amondarrak eta aramearrak menderatu

6 Amondarrak ohartu ziren gorrotagarri egin zirela Davidentzat. Horregatik, Bet-Rehob eta Tzobako aramearren artean hogei mila oinezko, Maakako erregearen mila gizon eta Tob-eko beste hamabi mila gizon hartu zituzten sari-truke.

7 Davidek, hori jakin zuelarik, Joab bidali zuen bere gudaroste adoretsuarekin.

8 Amondarrak irten eta hiriko ate aurrean prestatu ziren borrokarako lerrotan. Bai Tzoba eta Rehobeko aramearrak, bai Tob eta Maakako gizonak, berriz, beste toki batean ziren, landan.

9 Ikusi zuen Joabek aurretik eta atzetik zuela borroka eta, Israel osoko hoberenak aukeraturik, aramearren aurrez aurre ipini zituen borrokarako lerrotan.

10 Gainerako gudariak bere anaia Abixairen gidaritzapean utzi zituen lerrotan.

11 Joabek esan zion:—Aramearrak nagusitzen bazaizkit, zatozkit laguntzera; amondarrak nagusitzen bazaizkizu, berriz, ni joango natzaizu laguntzera.

12 Eutsi sendo! Gogor egin behar dugu geure herriaren eta geure Jainkoaren hiriaren alde! Egin beza Jaunak ongi deritzona!

13 Hasi ziren, bada, Joab eta berekin zuen gudarostea aramearren kontra borrokan. Aramearrak ihesi joan ziren.

14 Hori ikusirik, amondarrek ere ihesari eman zioten Abixairen aurretik, eta hirira sartu ziren. Joab Jerusalemera itzuli zen amondarren kontrako borrokatik.

15 Israeldarrek menderatu zituztela ikustean, aramearrak elkartu egin ziren denak.

16 Hadadezerrek Eufrates ibaiaren ekialdeko aramearrei etortzeko agindu zien, eta Helam-en bildu ziren, Hadadezerren gudalburu zen Xobak buruzagi zutela.

17 David, jakinarazi ziotenean, Israelen gudaroste osoa bildurik, Jordan igaro eta Helamera heldu zen. Aramearrak, guda-lerroak antolatuz, oldartu egin zitzaizkion Davidi.

18 Baina aramearrek ihes egin zuten Israelen aurretik. Gudurako zazpiehun gurdi-zaldi eta berrogei mila zaldizko hil zizkien Davidek aramearrei; hauen gudalburu Xobak bera ere jo eta hil egin zuen.

19 Hadadezerren menpean zeuden errege guztiek, israeldarrek menderatu zituztela ikustean, bakezkoak egin zituzten Israelekin, eta honen menpe gelditu ziren. Aramearrak ere ez ziren ausartu aurrerantzean amondarrei laguntzera.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24