2 Samuel 2 EAB

David errege izendatu Hebronen

1 Ondoren, Davidek kontsulta egin zion Jaunari:—Igoko al naiz Judako hiriren batera?—Bai, igo —erantzun zion Jaunak.—Zeinetara igoko naiz? —Davidek, berriro.—Hebronera —esan zion Jaunak.

2 Igo zen, bada, David hara bere bi emazteekin, Ahinoam Izreelgoarekin eta Abigail Karmelgo Nabalen emazte izanarekin.

3 Bere gizonak ere eraman zituen Davidek berekin, nor bere etxekoekin, eta Hebrongo inguruetan gelditu ziren.

4 Etorri zen Judako jendea eta han gantzutu zuten David Judako errege.Jakinarazi zioten Davidi Galaadeko Jabexkoek ehortzi zutela Saul,

5 eta mezulariak igorri zizkien esatera: «Bedeinka zaitzatela Jaunak, Saul zeuen jaunari lur emanez halako erruki-egintza egin diozuelako.

6 Ager bekizue zuei ere Jauna onbera eta leial. Nik ere on eginez erantzungo dizuet, hori egin duzuelako.

7 Orain, adore zaitezte eta izan sendo. Hil zaizue Saul zeuen jauna, bai; baina Judakoek ni gantzutu naute beren errege».

Ix-Boxet israeldarren errege izendatua

8 Ner-en seme Abnerrek, Saulen gudarosteko buruzagiak, berriz, Saulen seme Ix-Boxet hartu, Mahanaimera eraman

9 eta Galaad, Axur, Izreel, Efraim eta Benjaminen, hau da, Israel osoaren, errege izendatu zuen.

10 Berrogei urte zituen Saulen seme Ix-Boxetek Israelen errege izaten hasi zenean, eta bi urtez izan zen errege. Judak, aldiz, David onartu zuen errege.

11 David zazpi urte eta sei hilabetez izan zen Judako errege Hebronen.

Judaren eta Israelen arteko borroka Gabaonen

12 Ner-en seme Abnerren eta Saulen seme Ix-Boxeten mutilak Mahanaimdik atera eta Gabaonera joan ziren.

13 Aldi berean, Tzeruiaren seme Joaben eta Daviden zerbitzariak ere atera ziren eta Gabaongo uraska ondoan aurkitu zituzten besteak. Elkar ikusi zutelarik, batzuk uraskaren alde batean kokatu ziren, eta besteak bestean.

14 Abnerrek esan zion Joabi:—Gazte-talde bi jaiki eta borroka daitezela gure aurrean!—Jaiki daitezela, bada! —erantzun zion Joabek.

15 Jaiki eta aurreratu ziren, beraz, batzuk: hamabi benjamindar Saulen seme Ix-Boxeten aldetik, eta beste hamabi zerbitzari Daviden aldetik.

16 Heldu zion burutik nork bere arerioari eta saihetsean sartu zion ezpata. Denak batera erori ziren. Horregatik, Gabaondik hurbil dagoen toki horri Jelkat-Hatzurim deritza, hau da, «Harkaitz-landa».

17 Ondoren, borroka izugarri latza egin zuten egun hartan. Daviden zerbitzariek menderatu egin zituzten Abner eta Israelgo gizonak.

18 Han ziren Tzeruiaren hiru semeak: Joab, Abixai eta Asahel. Azken hau basahuntza bezain zango bizkorrekoa zen.

19 Abnerren ondoren abiatu zen Asahel zuzen-zuzen, inora okertu gabe.

20 Begiratu zuen Abnerrek atzera eta esan zuen:—Asahel al zara?Honek erantzun:—Bai!

21 Abnerrek esan zion:—Jo ezazu beste norabait. Harrapa ezazu mutilen bat eta hartu beraren jantziak.Asahelek, ordea, ez zion utzi nahi izan haren atzetik joateari.

22 Orduan, Abner berriro mintzatu zitzaion Asaheli:—Alde! Ez jarraitu niri! Ez nazazu behartu zu lurrera botatzera! Bestela, ezin izango diot zure anaia Joabi begiratu.

23 Hala ere, Asahelek ez zuen alde egin nahi izan. Orduan, Abnerrek lantzaren atzeko muturra sabelean sartu eta atzealdetik atera zion. Bertan erori zen hila Asahel. Ondoren zetozen guztiak, Asahel hila erori zen tokira heltzean, gelditu egiten ziren.

24 Joab eta Abixai Abnerren atzetik joan ziren. Eguzkia sartzen ari zen Gabaon basamorturako bidean, Gia-ren ekialdera dagoen Amma mendixkara heldu zirenean.

25 Benjamindarrek Abnerren inguruan bildu eta, talde bat eginez, muino-gailurrean tinko eutsi zioten.

26 Abnerrek esan zion deiadarka Joabi:—Denak hondatu arte astindu behar al duzu ezpata? Ez al dakizu gaizki bukatu behar dugula horrela? Noiz esan behar diezu zeure gizonei beren anaiei ez erasotzeko?

27 Joabek erantzun zion:—Ala Jainkoa! Mintzatu ez bazina, inork ez ziokeen egunsentia arte utziko bere anaiei erasotzeari!

28 Horrela, beraz, jo zuen Joabek adarra eta gudaroste osoa gelditu egin zen; ez ziren aurrerantzean israeldarren ondoren joan, ezta borrokatu ere.

29 Abner eta beronen gizonak gau osoz ibili ziren Araba ibarrean barna; Jordan ibaia igaro eta, Bitron osoa zeharkaturik, Mahanaimera heldu ziren.

30 Joabek, berriz, utzi zion Abnerren ondoren ibiltzeari eta gizon guztiak bildu zituen. Hemeretzi gizon falta ziren Daviden zerbitzarietarik, Asahelez gainera.

31 Daviden gudariek, ordea, hirurehun eta hirurogei benjamindar eta Abnerren gizon hil zituzten.

32 Asahel hartu eta Belenen ehortzi zuten, bere aitaren hilobian. Gau osoan ibili ziren Joab eta beronen gizonak, eta argi-urratzean heldu ziren Hebronera.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24