1 Davidek, berekin zuen gudarosteari begiraldia egin ondoren, milako eta ehuneko gudalburuak ezarri zituen.
2 Davidek banatu egin zuen gudarostea: hirutatik bat Joaben menpe jarri zuen, beste heren bat Tzeruiaren seme eta Joaben anaia zen Abixairen menpe, eta beste heren bat Gateko Itairen menpe. Esan zien erregeak gudariei:—Zuekin aterako naiz ni ere.
3 Gudariek ihardetsi zioten:—Ez atera. Ihes egin beharrik bagenu, inor ere ez litzateke gutaz arduratuko; gutariko erdiak hilko balira ere, bost axola. Zuk, aldiz, gutako hamar milak adina balio duzu. Hobe duzu, beraz, hirian gelditu, handik guri laguntzeko.
4 Erregeak, orduan:—Egokien iruditzen zaizuena eginen dut.Erregea, beraz, hiriko ate ondoan jarri zen, gudaroste osoa ehuneko eta milako taldeetan ateratzen zen bitartean.
5 Erregeak agindu hau eman zien Joabi, Abixairi eta Itairi:—Hartu eztiki Absalom gaztea.Gudaroste osoak aditu zuen erregeak Absalomi buruz gudalburu guztiei agindutakoa.
6 Horrela, bada, atera zen gudarostea zelaira, israeldarrei aurre egitera. Efraimgo oihanean ekin zioten guduari.
7 Daviden zerbitzariek menderatu egin zituzten israeldarrak. Egun hartan izugarria izan zen triskantza: hogei mila gizon galdu ziren.
8 Lurralde osora zabaldu zen borroka. Egun hartan, ezpatak baino jende gehiago irentsi zuen oihanak.
9 Absalom, mando gainean zihoala, Daviden gudariekin aurrez aurre gertatu zen ustekabean. Mandoa arte-arbola handi baten azpian sartzean, arte-adarretan katigatu zitzaion Absalomi ilea; zeru-lurren artean zintzilikaturik gelditu zen, mandoak aurrera egin zuelako.
10 Hori ikusi zuen gizon batek adierazi zion Joabi:—Absalom arteondo batetik zintzilik ikusi dut.
11 Joabek esan zion berria ekarri zion gizonari:—Ikusi eta zergatik ez duk, bada, bertan lurrari josi? Zilarrezko hamar txanpon eta gerriko bat emango nizkian.
12 Gizonak ihardetsi zion Joabi:—Eskuetan zilarrezko mila txanpon ipiniko bazenizkit ere, ez nioke eskurik erantsiko erregearen semeari. Aditu nuen nola esaten zizuen erregeak zuri, Abixairi eta Itairi: «Zaindu Absalom gaztea!»
13 Haren aurka halako maltzurkeria egin izan banu, erregeak jakingo zukeen, eta orduan zu ere ez zinatekeen nitaz arduratuko.
14 Joabek esan zuen:—Ez diat astirik galduko hirekin.Hartu zituen bere eskuetan hiru gezi eta bihotzean sartu zizkion Absalomi, oraino bizirik zegoelarik artearen adarretan;
15 ondoren, Joaben ezkutari ziren hamar gaztek Absalom inguratu, jo eta hil egin zuten.
16 Orduan, Joabek adarra jo zuen eta israeldarrei pertsegitzeari utzi zion jendeak, Joabek geldiarazi egin baitzuen gudarostea.
17 Orduan, Absalom hartu eta basoko zulo handi batera bota zuen; gero, harri-pila handia ezarri zioten gainean. Israeldar guztiak beren etxoletara joan ziren ihesi.
18 Bizi zelarik, eraikia zuen beretzat Absalomek Errege Haranean dagoen oroitarria, berekiko esanez: «Ez dut ene izena oroitaraziko duen semerik». Eta bere izena ezarri zion oroitarriari. Horregatik deritza gaurdaino «Absalomen oroitarria».
19 Tzadoken seme Ahimaatzek esan zion Joabi:—Uztazu, arren, erregeari berri on hau ematera lasterka joaten: Jauna bere alde atera eta etsaiengandik libratu duela.
20 Joabek esan zion:—Gaur ezin zara berri onaren eramaile izan; beste egunen batean bai, beharbada. Baina gaur ezin duzu berri onik eraman, hila baita erregearen semea.
21 Orduan, Joabek agindu zion etiopiar bati:—Hoa eta adierazi erregeari ikusi duana.Etiopiarra, Joaben aurrean ahuspeztu ondoren, lasterka abiatu zen.
22 Tzadoken seme Ahimaatzek esan zion berriro Joabi:—Dena dela, uztazu niri ere lasterka joaten, etiopiarraren atzetik.Joabek esan zion:—Zertarako nahi duzu joan lasterka, ene seme? Ez baituzu saririk izango berri on horren ordain.
23 Eta Ahimaatzek:—Dena dela, banoa lasterka.Joabek, orduan:—Zoaz, bada.Ahimaatz lautadako bidetik joan zen lasterka, eta aurrea hartu zion etiopiarrari.
24 David hiri-sarrerako bi ateen artean zegoen eseria. Ate gaineko solairura igoa zegoen zaintzaileak begiak jaso eta gizon bat bakarrik lasterka zetorrela ikusi zuen,
25 eta erregeari jakinarazi zion oihuka. Erregeak esan zuen:—Bakarrik baldin badator, berri onak dakartza.Lasterkaria hurbildu ahala, ordea,
26 zaintzaileak beste gizon bat ere atzetik lasterka zetorrela ikusi zuen. Zaintzaileak honela egin zion deiadar atezainari:—Beste gizon bat dator lasterka, hori ere bakarrik.Eta erregeak esan zuen:—Horrek ere berri onak dakartza, noski.
27 Zaintzaileak berriro:—Lehenengoaren ibilera, Tzadoken seme Ahimaatzena da.Erregeak esan zuen:—Gizon ona dugu hori; berri onarekin dator.
28 Ahimaatzek esan zion oihuka erregeari:—Agur, jauna!Eta, erregearen aurrean lurreraino ahuspeztuz, jarraitu zuen:—Bedeinkatua Jauna, zure Jainkoa, menderatu baititu ene errege jaunaren kontra jaiki ziren gizonak!
29 Erregeak galdegin zion:—Onik al da Absalom gaztea?Ahimaatzek erantzun:—Iskanbila handia ikusi nuen, Joabek ni, zure zerbitzari hau, zuregana bidali ninduenean; baina ez dakit zer gertatuko zen.
30 Erregeak agindu zion:—Egon hor atzean!Joan zen atzera eta han gelditu zen.
31 Orduan, etiopiarrak agertu eta esan zuen:—Berri onak dakarzkizut, ene errege jauna. Alde atera zaizu gaur Jauna eta libratu zaitu aurka jaikitako guztien eskuetatik.
32 Erregeak galdegin zion etiopiarrari:—Onik al da Absalom gaztea?Etiopiarrak erantzun zuen:—Gertatuko ahal zaie ene errege jaunaren etsaiei eta erregearen kontra kalte egiteko jaiki ziren guztiei mutilari gertatu zaiona!