2 Samuel 4 EAB

Ix-Boxet hila

1 Abner Hebronen hila zela jakin zuenean, Saulen seme Ix-Boxet bihozgabetu egin zen, eta Israel osoa larritu.

2 Bazituen Saulen seme Ix-Boxetek bi gizon gudalburu: Baana izenekoa bata, eta Rekab bestea; Beerot-eko Rimonen semeak ziren, benjamindarrak; Beerot ere Benjaminen lurraldeko jotzen baita.

3 Beerotarrak ihesi joanak ziren Gitaimera, eta han bizi dira etorkin gisa gaurdaino.

4 Saulen seme Jonatanek bazuen bi zangoak elbarri zituen seme bat; Mefi-Boxet zeritzan. Sauli eta Jonatani gertatu zitzaienaren berri Izreeldik ekarri zutenean, bost urte zituen Mefi-Boxetek. Orduan, inudeak haurra hartu eta ihesari eman zion; zalapartan, ordea, haurra jausi eta herren gelditu zen.

5 Behin batean, etorri ziren Beeroteko Rimonen seme Rekab eta Baana, eta, eguneko berorik handienean, Ix-Boxeten etxean sartu ziren. Hau bazkalondoko lo-kuluxka egiten ari zen.

6 Rekab eta honen anaia Baana garia hartzeko itxurak eginez sartu ziren etxe barrura, zauritu zuten Ix-Boxet sabelean eta ihesi joan ziren.

7 Etxera sartzean, lotan aurkitu zuten Ix-Boxet bere ohean, jo eta hil egin zuten, eta burua moztu. Gero, burua harturik, Arabarako bidean zehar ibili ziren gau osoan.

8 Heldu ziren Hebronera eta David erregeari eraman zioten Ix-Boxeten burua, esanez:—Hona Ix-Boxeten burua; zu hil nahi izan zintuen zure etsai Saulen semea zen. Honela eman dio Jaunak Davidi Saulen eta beronen ondorengoen lepotik mendekatzeko aukera.

9 Davidek, ordea, Beeroteko Rimonen seme Rekabi eta honen anaia Baanari honela ihardetsi zien:—Bizi bedi Jauna! Berak atera bainau estualdi guztietatik.

10 Berri ona zekarkidalakoan, Saul hila zela esan zidana atxilotu eta hil egin nuen Tziklagen, albistea horrela ordainduz.

11 Hara, bada; zuei, bere etxean eta bere ohean zegoen gizon errugabea hil duzuen gaizkileoi, arrazoi handiagoz eskatuko dizuet haren odolaren kontua, suntsitu egingo zaituztet lurrazaletik.

12 Hala, haiek hiltzeko agindua eman zien Davidek bere mutilei. Gero, esku-oinak mozturik, Hebrongo uraska ondoan zintzilikatu zituzten. Ix-Boxeten burua, berriz, hartu eta Abnerren hilobian lurperatu zuten Hebronen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24