2 Samuel 14 EAB

Absalom Jerusalemera itzuli

1 Joabek, Tzeruiaren semeak, antzeman zion erregearen bihotza berriro Absalomekin zegoela.

2 Orduan, Joabek emakume argi bat ekarrarazi zuen Tekoatik, eta esan zion:—Dolu-itxurak egin behar dituzu. Har itzazu soinean dolu-jantziak eta ez eman usainki gozorik. Hildako batengatik oso luzaro dolutan dagoen emakume baten itxura egin behar duzu.

3 Horrela, erregeagana joan eta esan adieraziko dizudana.Eta esan beharreko guztia adierazi zion Joabek.

4 Emakume tekoarrak erregeagana joan eta, lurreraino makurturik, esan zion:—Lagundu, errege jauna!

5 Erregeak galdetu zion:—Zer gertatzen zaizu?Emakumeak erantzun:—Ai ene! Alargun nauzu, hila dut senarra.

6 Bi seme nituen nik, zure mirabe honek. Borrokan hasi ziren elkarrekin landan; ez zen han apartatuko zituenik gertatu, eta batak bestea jo eta hil egin zuen.

7 Orain, ahaide guztiak gainera datozkit, bere anaiaren hiltzailea emateko esanez, hil egin behar dutela eta, anaia hil zuelako. Horrela, oinordekoa ere kendu egingo didate. Gelditzen zaidan txinparta bakarra itzali nahi didate! Ez zaio geldituko nire senarrari ez izenik, ez ondorengorik lurrean.

8 Erregeak emakumeari:—Zoaz etxera. Neuk emango ditut aginduak zuri buruz.

9 Orduan, emakume tekoarrak esan zion erregeari:—Ene errege jauna, izan bedi errua nirea eta nire aitaren senitartekoena; baina erregea eta erregetza izan bitez errugabe.

10 Erregeak, orduan:—Norbaitek ezer kontra esaten badizu, bidali niregana, aurrerantzean ez zaizu gogaikarri gertatuko.

11 Emakumeak, berriro:—Agindu beza erregeak Jaunaren, bere Jainkoaren, izenean, seme baten odola mendekatu behar duen ahaideak ez dezala kaltea handiagotu beste semea hilez.Erregeak erantzun zion:—Ala Jauna! Ile bat ere ez zaio eroriko zure semeari.

12 Emakumeak esan zion:—Esango nizuke nik, mirabe honek, beste zerbait ere, errege jauna.Eta erregeak:—Esan.

13 Emakumeak erantzun:—Esan duzunaz errudun egiten duzu zeure burua; izan ere, atzerriratuari itzultzen ez utziz, Jainkoaren herriaren kontra azpikeria egiten ari zara.

14 Hil, denok hil behar dugu; lurrera isuri eta berriro bildu ezin den ura bezala gara. Jainkoak, aldiz, ez du bizia kentzen; aitzitik, erabaki du zuk atzerriratua berak ez atzerriratzea.

15 Errege jauna, jendeak beldurra sartu didalako etorri natzaizu hau esatera. Honela nioen neure baitan: «Noan erregearekin mintzatzera; beharbada, egingo du erregeak mirabe honen esana.

16 Adituko dit, bai, erregeak eta libratuko gaitu neure semea eta biok, Jainkoak emandako lurraldetik desagerrarazi nahi gaituenaren eskutik».

17 Hau pentsatu nuen: «Ene errege jaunaren hitzak lasaituko nau, Jainkoaren aingerua bezala baita bera, ona eta gaiztoa bereizten dakiena». Jauna, zeure Jainkoa, izan bedi zurekin!

18 Erregeak esan zion emakumeari:—Ez ezkutatu galdetu behar dizudanetik ezer.Eta emakumeak:—Mintza zakizkit, ene errege jauna.

19 Erregeak galdetu zion:—Ez al dabil Joaben eskua zurekin arazo honetan guztian?Emakumeak erantzun:—Ala ene errege jauna! Bete-betean asmatu duzu esan duzun guztian. Bai, zure zerbitzari Joabek agindu dit, ene errege jauna, zer esan behar nizun.

20 Egoera aldatzearren egin dizu hori Joabek. Zu, ene errege jauna, Jainkoaren aingerua bezain argia zara, eta badakizu mundu honetan gertatzen den guztia.

21 Orduan, erregeak Joabi dei egin eta esan zion:—Horixe eginen dut. Zoaz, bada, eta itzularazi Absalom gaztea.

22 Joabek, ahuspezturik, erregea bedeinkatu zuen, esanez:—Oraintxe dakusat begiko nauzula, ene errege jauna; zeure zerbitzari honen gogoa bete baituzu.

23 Ondoren, jaiki eta Gexurrera abiatu zen Joab, Absalom Jerusalemera ekarrarazteko.

24 Erregeak, berriz, hau agindu zuen:—Doala bere etxera! Ez nazala ikus!Absalom, beraz, bere etxera joan zen, erregea ikusi gabe.

David eta Absalom adiskidetu

25 Ez zen Israel osoan bere liraintasunagatik Absalom bezain gizon goretsirik: burutik oinetara ez zuen akatsik.

26 Urtero moztu ohi zuen ilea, oso trinkoa zuelako. Bi kilo baino gehiago izaten zen haren ile-sorta, errege-pisuaren arabera.

27 Hiru seme jaio zitzaizkion eta alaba bat, Tamar. Ederra neska!

28 Bi urte eman zituen Jerusalemen Absalomek erregea ikusi gabe.

29 Behin batean, Joabi dei egin zion, erregeagana bidaltzeko asmoz; Joabek, ordea, ez zuen Absalomengana joan nahi izan. Bigarrenez egin zion dei; baina etorri nahi izan ez zuenez,

30 hau agindu zien Absalomek bere morroiei:—Begira, nire alorraren ondoan garagar-soroa dauka Joabek. Zoazte eta emaiozue su.Absalomen morroiek, beraz, su eman zioten soroari.

31 Joab jaiki eta Absalomen etxera joan zen, esanez:—Zergatik eman diote su nire soroari zure morroiek?

32 Absalomek Joabi:—Hara, etortzeko eskatu nizun, erregeari hau esan zeniezaion: «Zertarako etorri nintzen Gexurtik? Hobeki nengoen han. Erregea ikusi nahi nuke. Errudun banaiz, hil nazala».

33 Orduan, Joabek, erregeagana joan eta halaxe jakinarazi zion. Orduan, erregeak dei egin zion Absalomi; hau erregeagana etorri eta lurreraino ahuspeztu zitzaion. Erregeak besarkatu egin zuen Absalom.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24