3 Gudariek ihardetsi zioten:—Ez atera. Ihes egin beharrik bagenu, inor ere ez litzateke gutaz arduratuko; gutariko erdiak hilko balira ere, bost axola. Zuk, aldiz, gutako hamar milak adina balio duzu. Hobe duzu, beraz, hirian gelditu, handik guri laguntzeko.
4 Erregeak, orduan:—Egokien iruditzen zaizuena eginen dut.Erregea, beraz, hiriko ate ondoan jarri zen, gudaroste osoa ehuneko eta milako taldeetan ateratzen zen bitartean.
5 Erregeak agindu hau eman zien Joabi, Abixairi eta Itairi:—Hartu eztiki Absalom gaztea.Gudaroste osoak aditu zuen erregeak Absalomi buruz gudalburu guztiei agindutakoa.
6 Horrela, bada, atera zen gudarostea zelaira, israeldarrei aurre egitera. Efraimgo oihanean ekin zioten guduari.
7 Daviden zerbitzariek menderatu egin zituzten israeldarrak. Egun hartan izugarria izan zen triskantza: hogei mila gizon galdu ziren.
8 Lurralde osora zabaldu zen borroka. Egun hartan, ezpatak baino jende gehiago irentsi zuen oihanak.
9 Absalom, mando gainean zihoala, Daviden gudariekin aurrez aurre gertatu zen ustekabean. Mandoa arte-arbola handi baten azpian sartzean, arte-adarretan katigatu zitzaion Absalomi ilea; zeru-lurren artean zintzilikaturik gelditu zen, mandoak aurrera egin zuelako.