15 Honela bereganatu zituen Judako gizon ororen bihotzak batean, eta eskari hau bidali zioten erregeari: «Itzul zakizkigu, zeure zerbitzari guztiekin».
16 Erregea, beraz, itzuli zen eta Jordaneraino heldu. Judakoak Gilgaleraino etorri ziren erregearen bila, Jordan igarotzean lagun egiteko.
17 Geraren seme Ximei ere, Bahurimgo benjamindar hura, lehiatu zen Judako gizonekin batera Daviden bila jaisten;
18 berekin zituen mila gizon benjamindar eta Tziba, Saulen etxeko morroia, ere bai, beronen hamabost seme eta hogei zerbitzariekin. Hauek Jordan igaro zuten erregearen bila,
19 erregearen etxekoak zekartzan txanela abiatzeko zegoen unean. Beren laguntza eskaini nahi zioten erregeari. Hau Jordan igarotzeko zegoenean, Geraren seme Ximei aurrean ahuspeztu zitzaion,
20 eta honela mintzatu:—Ene jauna, ez izan kontuan nire okerra; ez oroitu, ene errege jauna, Jerusalemdik atera zinen egun hartan nik, zure morroi honek, esan nizunaz. Ez hartu gogoan, ene errege jauna.
21 Aitortzen dizut oker jokatu nuela; baina hara, Joseren ondorengo guztietatik neu izan nauzu lehena ene errege jaun horren bila etortzen.