3 David erregeak, Jerusalemera bere etxera heldu zenean, hartu zituen etxezain utziak zituen hamar ohaide haiek eta etxe batean zaintzapean ipini zituen. Berak mantentzen zituen, baina ez zen gehiago etzan haiekin. Giltzapean eduki zituen bizitza guztian, bizi-alargun betiko.
4 Erregeak, behin batez, esan zion Amasari:—Bildu Judako gizonak gudurako eta zatozkit zeu ere haiekin batera hiru egunen buruan.
5 Amasa Judako gizonak biltzera joan zen; baina luzatu egin zuen, emaniko epea baino gehiago.
6 Orduan, Davidek esan zion Abixairi:—Absalomek baino kalte handiagoa egin behar digu orain Xebak, Bikriren seme horrek. Har itzazu zeure jaunaren gudariak eta zoaz haren ondoren. Ez dadila heldu hiri gotorretara, ihes eginen digu bestela.
7 Abixairekin atera ziren Jerusalemdik Joaben gizonak, keretarrak, peletarrak eta gudaririk adoretsuenak Bikriren seme Xebaren ondoren.
8 Gabaonen dagoen harri handiaren ingurura heltzean, han non datorkien Amasa. Joabek guda-jantzia zeraman soinean, gerrikoz loturik eta gerrikotik zintzilik ezpata bere zorroan. Amasarengana aurreratzean, ezpata erori zitzaion Joabi.
9 Honek esan zion Amasari:—Ongi al zara, ene anaia?Eta eskuineko eskuaz bizarretik heldu zion musu emateko.