7 Tiroko hiri gotorrera ere iritsi ziren; baita hibiarren eta kanaandarren hiri guztietara ere. Azkenik, Judako Negev-erantz abiatu ziren, Beer-Xebara.
8 Horrela zeharkatu zuten lurralde osoa eta, bederatzi hilabete eta hogei egunen buruan, Jerusalemera heldu ziren.
9 Herritarrak zenbat ziren adierazi zion Joabek erregeari: Israelen zortziehun mila ziren ezpata erabil zezaketen gerra-gizonak, eta Judan bostehun mila.
10 Herritarren zenbaketa egin ondoren, bihotzeko harra sentitu zuen Davidek eta esan zion Jaunari:—Bekatu astuna egin dut, bai. Hala ere, Jauna, barkatu zeure zerbitzari honen bekatua, erokeria egin baitut.
11 Biharamun goizean David jaiki zenerako, zuzendua zion Jaunak bere hitza Gad-i, Daviden zerbitzura zegoen profetari, esanez:
12 «Zoaz Davidengana eta esaiozu: “Hau dio Jaunak: Hiru zigor ipiniko dizkizut aukeran; hautatu bat eta huraxe ezarriko dizut”».
13 Joan zen, beraz, Gad Davidengana eta horren berri eman zion, esanez:—Zer nahi duzu: zazpi urteko gosealdia zeure lurraldean, hiru hilabeteko ihesaldia etsaia ondoren duzularik, ala hiru eguneko izurritea zeure lurraldean? Hausnar ezazu, beraz, ea zer erantzun behar diodan bidali nauenari.