24 Joabek erregeagana joan eta esan zion: «Zer egin duzu? Abner etorri omen zaizu. Zergatik utzi diozu joaten?
25 Badakizu, gero, nor den Ner-en seme Abner hori! Asmo maltzurrez etorri zaizu, zure joan-etorriak zelatatzera, zertan ari zaren jakitera».
26 Alde egin zuen Joabek Davidengandik eta mandatariak bidali zituen Abnerren ondoren. Hauek Sirako ur-putzutik itzularazi zuten, Davidek deus ere jakin gabe.
27 Abner Hebronera itzuli zenean, Joabek aparte hartu zuen, hiri-sarreran bertan, isilpean hitz egiteko bezala. Orduan, sabelean jo eta hil egin zuen, bere anaia Asahelen odola mendekatuz.
28 Gertatua jakin zuenean, honela esan zuen Davidek: «Ner-en seme Abnerren odolari dagokionez, garbi gaude ni eta nire erreinua Jaunaren aurrean.
29 Eror bedi hilketa honen errua Joaben eta beronen etxekoen gain! Izan bedi beti Joaben etxean odoljariodunik, legendunik, eme-itxurako gizonik, ezpataz edota goseak hilko denik!»
30 Joabek eta honen anaia Abixaik hil zuten Abner, honek bien anaia Asahel Gabaongo guduan hil zuelako.