3 Etorri ziren, bada, israeldarren buruzagi guztiak Hebronera David erregeagana, eta hitzarmena egin zuen honek haiekin Jaunaren aurrean. Haiek Israelgo errege gantzutu zuten.
4 Hogeita hamar urte zituen Davidek errege izaten hasi zenean, eta berrogei urtez izan zen errege.
5 Hebronen zazpi urte eta erdiz izan zen Judako errege, eta Jerusalemen hogeita hamahiru urtez Israel osoko eta Judako errege.
6 Erregeak, berekin zituen gizon guztiekin, Jerusalemerantz jo zuen, lurralde hartan bizi ziren jebustarren kontra. Hauek esaten zioten Davidi: «Ez zara hona sartuko; itsuak eta herrenak aski dira zuri eusteko!» David inola ere ez zela sartuko uste zuten.
7 Hala ere, jabetu zen David Siongo gotorlekuaz, gero Daviden Hiri deituko zutenaz.
8 Egun hartan, hain zuzen, esan zien Davidek bere gudariei: «Jebustarrei eraso nahi dieten guztiak sar daitezela ubide-zulotik, David gutxiesten duten itsu eta herren horiengana!»Hortik dator esaera: «Ez itsurik, ez herrenik ez da sartuko Jaunaren etxean».
9 David gotorleku hartan gelditu zen bizitzen, eta Daviden Hiri deiarazi zuen. Harresia eraiki zuen inguruan, Milo deritzan ezpondatik barnealdera.