12 Zure egunak bete ondoren, zeure gurasoekin etzango zarenean, zure ondorengo bat ezarriko dut, zuregandik sortua, eta sendotu eginen dut beraren erregetza.
13 Hark eraikiko dit etxea, eta nik errege-aulkia sendotuko diot.
14 Aita izango nau hark ni, eta seme izango dut nik hura. Okerrik egingo balu, zuzendu egingo nuke, gizakiek erabili ohi dituzten makilaz eta zigorrez.
15 Hala ere, ez dut neure onginahia harengandik baztertuko, Saulengandik baztertu nuen bezala, baztertu egin bainuen neure aurretik bera.
16 Zure etxeak eta zure erregetzak betierean iraungo dute zure ondoren, eta zeure errege-aulkia sendoa izanen duzu beti».
17 Ikuskari honetan adierazitako guztia esan zion Natanek Davidi.
18 Orduan, David oihal-etxolara sartu eta honela mintzatu zitzaion Jaunari: «Nor naiz ni, Jainko Jauna, eta zer da nire senitartea, ni honetaraino ekartzeko?