1 Makabearrak 1 EABD

ANTIOKOREN ZAPALKUNTZA ETA MATATIASEN MATXINADA (1,1—2,70)

Aurretiko gertakariak

1 Filiporen seme Alexandro mazedoniarra Mazedonia lurraldetik abiatu zen. Grezia eta gero pertsiarren eta mediarren errege Dario menderatu ondoren, honen ordez jarri zen errege.

2 Gudukatze asko eginez, gotorlekuez jabetu eta tokian tokiko erregeak hil zituen.

3 Lurraren mugetaraino heldu zen eta herri askoren ondasunez jabetu. Lurreko bizilagunak mutu gelditu ziren haren aitzinean, eta Alexandrori handiuste eta harrotasunez bete zitzaion bihotza.

4 Gudaroste oso indartsua bildurik, lurralde, herrialde eta buruzagien gain agindu zuen, denak bere zergapeko eginez.

5 Hauen guztien ondoren, ordea, gaixotu egin zen eta antzeman zion hiltzera zihoala.

6 Orduan, gaztetan berarekin hazi ziren handiki gudalburuak bildu eta bere erreinua banatu zien, hil baino lehen.

7 Eta, hamabi urtez errege izan ondoren, hil egin zen Alexandro.

8 Gudalburu haiek agintearen jabe egin ziren nor bere lurraldean,

9 eta, Alexandro hil zenean, errege-koroa jantzi zuten denek. Haien ondorengoak ere errege izan ziren luzaro, mundu osora geroz eta kalte handiagoak ekarriz.

10 Errege haiengandik adar zital-gaizto bat sortu zen: Antioko Epifanes, Antioko erregearen semea. Erroman bahitua egon ondoren, seleukotarren agintealdiko ehun eta hogeita hamazazpigarren urtean hasi zen errege izaten.

Greziar ohiturak Israelen sartu

11 Aldi hartan, lege-hausle batzuk sortu ziren Israelen eta jende asko engainatu zuten, esanez: «Tira, elkar gaitezen inguruetako herriekin; izan ere, bereizi ginenez geroztik kaltea besterik ez dugu izan!»

12 Askori ongi iruditu zitzaion hori.

13 Orduan, herriko batzuek erregeagana jo zuten eta hark baimena eman zien jentil-herrien ohiturak hartzeko.

14 Jentilek ohi bezala, kiroldegia egin zuten Jerusalemen,

15 erdainkuntzaren aztarnak ezabatu zituzten, uko egin zioten itun santuari eta arrotzen uztarria onartu, okerkeria egiteko beren buruak salduz.

Antioko Epifanes Egipton eta Jerusalemen

16 Bere erreinua sendotua ikustean, Egiptoko errege ere izatea bururatu zitzaion Antiokori, bi erreinuetako errege izatearren.

17 Gudaroste izugarria, guda-gurdiak, elefanteak, zaldiak eta ontziteria handia harturik, Egipton sartu

18 eta hango errege Ptolomeoren kontra borrokan hasi zen. Ptolomeo galduan atera zen eta, zauritu asko utzi ondoren, ihesi joan.

19 Antioko, berriz, Egiptoko hiri gotorrak hartu eta herrialde hartako ondasunez jabetu zen.

20 Egipto menderatu ondoren, itzuli egin zen seleukotarren agintealdiko ehun eta berrogeita hirugarren urtean. Gero, gudaroste indartsua harturik, Israelen kontra abiatu zen eta Jerusalemera heldu.

21 Harropuzkeriaz santutegian sarturik, urrezko aldarea, argimutila bere osagai guztiekin,

22 eskainiriko ogien mahaia, isur-opariak egiteko ontziak, azpilak, urrezko intsentsu-ontziak, oihala eta koroak ostu zituen. Tenpluaren aurrealdean zeuden urrezko apaindura guztiak ere eraman zituen.

23 Era berean, zilar, urre, gauza baliotsu eta aurkitu zituzten altxor gordeez ere jabetu zen.

24 Dena harrapatu ondoren, bere herrialdera joan zen. Gainera, sarraski izugarria egin zuen eta harrokeria izugarriz mintzatu.

25 Israelgo lurralde osoandolu handia izan zen.

26 Buruzagi eta arduraduneknegar egin zuten,neska-mutil gazteakahuldu egin ziren,emakumeen edertasuna zimeldu.

27 Senar berriek antsia egin zuten,emazteek negar,ezkontza-ohean eserita.

28 Lurra dardaratu egin zenhango bizilagunei gertatuagatik,eta Jakoben ondorengo guztiakahalkez gorritu ziren.

Etsaiek Daviden Hiria hartu

29 Handik bi urtera, Antioko erregeak ofizial zerga-biltzaile bat bidali zuen Judeako hirietara; Jerusalemera ere joan zen, gudaroste izugarriarekin.

30 Bake-hitzak esan zizkien azpikeriaz hango bizilagunei, eta sinetsi egin zioten. Baina gero, ustekabean, hiriari eraso eta izugarrizko kolpea eman zion. Israel herriko jende asko hil zuen.

31 Hiriko ondasunak ostu zituen, hiriari su eman eta etxeak eta inguruko harresia hondatu.

32 Emakumeak eta haurrak gatibu hartu zituzten gudariek, eta abereak lapurtu.

33 Gero, Daviden Hiri inguruan harresi handi eta sendoa eraiki zuten, dorre tinkoz babestua. Hori izan zuten beren gotorlekua.

34 Jende zital-gaiztoa eta lege-hauslea ezarri zuten han eta bertan finkatu.

35 Armak eta janaria gotorleku hartan bildu zituzten, baita Jerusalemen ostutako harrapakinak ere. Oso mehatxugarri gertatu ziren.

36 Tenpluaren kontrako zelatadabilakatu ziren,etsai maltzur Israelentzat, aldi oro.

37 Errugabeen odola isuri zutensantutegiaren inguruan,eta toki santua profanatu.

38 Haiengatik ihes egin zutenJerusalemgo bizilagunek;arrotzen bizileku bihurtu zeneta bertakoentzat arrotz,bertako seme-alabekalde egin baitzuten.

39 Santutegia soildua gelditu zen,basamortu egina;jaiak dolu bihurtu ziren,larunbat-jaia barregarrieta ohoragarri zena arbuiagarri.

40 Bere ospearen araberakoaizan zuen Jerusalemek desohorea,eta handitasunaren ordez dolua.

Jentilen kultuak hedatu

41 Antioko erregeak agindua idatzi zuen bere erresuma osorako: denek herri bat bera izan behar zuten,

42 horretarako nork bere ohiturak baztertu beharko zituelarik. Herri guztiek onartu zuten erregearen agindua

43 eta israeldar askok ere onartu zuen haren erlijioa; idoloei opariak eskaini eta bete gabe utzi zuten larunbatari buruzko legea.

44 Antiokok, mezularien bidez, gutunak helarazi zituen Jerusalemera eta Judeako hirietara, ohitura arrotzak onartzeko aginduz.

45 Debekatua zuten juduek tenpluan erre-opariak, sakrifizioak eta isur-opariak eskaintzea; ezin zituzten bete larunbat eta jaiei buruzko legeak,

46 kutsatu egin behar zituzten santutegia eta jende santua,

47 idoloei aldareak, toki sakratuak eta jauretxeak eraiki behar zizkieten, eta urdeak eta abere kutsatuak eskaini.

48 Semeak ezin zituzten erdaindu eta era guztietako likiskeria eta lohikeriaz kutsatu behar zituzten beren buruak.

49 Legea ahaztu eta ohitura guztiak aldatu behar zituzten.

50 Eta erregearen agindua bete ez zezana hil egin behar zuten.

51 Era berean idatzi zuen bere erresuma osorako. Begiraleak ezarri zizkion erregeak herriari, eta Judeako hiri bakoitzean sakrifizioak eskaintzeko agindu zuen.

52 Herriko jende askok, Moisesen legea baztertu zuenak, bat egin zuen jentilekin eta kalte handiak egin herrian.

53 Horregatik, israeldarrek gordelekuetan babestu behar izan zuten.

54 Seleukotarren agintealdiko ehun eta berrogeita bosgarren urtean, Kisleu hilaren hamabostean, izugarrizko idolo higuingarria ezarri zuen Antiokok aldare nagusiaren gainean. Eta Judeako hiri guztietan ere eraiki zituzten aldareak.

55 Etxeko atean eta plazetan ere intsentsua erre behar zuten.

56 Antiokoren gizonek hautsi eta sutara bota ohi zituzten aurkitutako lege-liburuak.

57 Norbaiti itun-liburua aurkitzen bazioten nahiz legearen aginduak betetzen harrapatzen bazuten, hil egin ohi zuten, hala baitzuen erregeak agindua.

58 Eta horrelako gogorkeriaz erabili ohi zituen hilero-hilero hirietan harrapatutako israeldarrak.

59 Hilero, hogeita bostean, opariak eskaini behar zituzten aldare nagusiaren gainean ezarritako beste aldarean.

60 Beren semeak erdaintzen zituzten emakumeak hil egiten zituzten, erregeak agindu bezala,

61 beren haurrak lepotik zintzilik zituztela. Haien ahaideak eta erdainkuntza egin zutenak ere hil egiten zituzten.

62 Hala ere, israeldar askok sendo iraun zuen eta, adore handiz, ez zuen janari kutsaturik hartu;

63 nahiago izan zuten heriotza, janari haiez kutsatu eta itun santua hautsi baino. Eta hil egin ziren.

64 Izugarria izan zen Israelek jasan behar izan zuen probaldia.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16