1 Makabearrak 6 EABD

Antioko Epifanesen heriotza

1 Antioko erregeak, ipar-eskualdeetan zebilelarik, jakin zuen, bazela Pertsian bere aberastasun, zilar eta urrearengatik ospetsua zen hiria, Elimaida izenekoa.

2 Hango jauretxean aberastasun izugarriak zeuden: Mazedoniako errege Filiporen seme Alexandrok, greziarren lehen erregeak, han utzitako urrezko guda-jantziak, bular-oskolak eta armak.

3 Hiri hartara joan zen Antioko, hiria hartu eta bertako ondasunez jabetzeko asmoz. Alabaina, ez zuen lortu. Izan ere, asmo horiez ohartzean, hiriko bizilagunek

4 armak hartu eta aurre egin zioten. Antiokok ihes egin behar izan zuen handik, zeharo atsekabeturik, eta Babiloniara itzuli.

5 Baina Pertsian zelarik, mezulari bat etorri zitzaion, Judeara bidalitako gudari-taldeak hondatuak zeudela eta

6 gudaroste indartsu baten aurrean joana zen Lisiasek juduengandik ihes egin behar izan zuela adieraziz; juduak indartsu egin zirela menderatutako gudari-taldeei kenduriko arma, guda-tresna eta harrapakin ugariei esker;

7 Jerusalemgo aldare gainean erregeak eraikia zuen idolo higuingarria xehatu egin zutela eta santutegia harresi handiz inguratu, lehen bezala; baita erregearen hiria zen Bet-Sur ere.

8 Halako berriak entzunik, erregea harri eta zur gelditu zen, oso-oso urduri. Nahigabearen nahigabez, oheratu egin behar izan zuen, gauzak nahi bezala atera ez zitzaizkiola eta.

9 Egun asko egin zuen ohean, geroz eta nahigabe handiagoz. Hiltzeko zorian zegoela pentsatu zuenean,

10 adiskide batzuei etorrarazi eta esan zien: «Ezin dut lorik egin, ezta begirik bildu ere; geroz eta kezkatuago nago.

11 Neure buruari esaten diot: Zer dela-eta dut honelako nahigabea, zer dela-eta nago honen aztoratua, ona izanik eta maitatua neure agintealdian?

12 Orain, ordea, ohartzen naiz nolako gaiztakeriak egin ditudan Jerusalemen, han zeuden zilarrezko eta urrezko gauzak eramanez eta Judeako bizilagunak arrazoirik gabe sarraskituz.

13 Aitortzen dut, horrexegatik etorri zaizkidala gaitz hauek eta atsekabearen atsekabez hiltzen ari naizela herrialde arrotz honetan».

Antioko V.a Eupator

14 Gero, adiskideetako bat, Filipo, deitu eta bere erreinu osoaren arduradun egin zuen.

15 Bere koroa, jantzi eta eraztuna eman zizkion, eta bere seme Antioko hezi eta errege izateko presta zezan agindu zion.

16 Eta bertan hil zen Antioko erregea, seleukotarren agintealdiko ehun eta berrogeita bederatzigarren urtean.

17 Erregea hil zela jakitean, haren seme Antioko ezarri zuen Lisiasek errege-aulkian, Eupator izena emanez. Berak hazia zuen txikitandik.

Judas Makabearrak Jerusalemgo gotorlekuari eraso

18 Jerusalemgo gotorlekuko gudariek setiatuak zeuzkaten israeldarrak santutegiaren inguruan. Ez zuten egokierarik galtzen israeldarrei kalte egiteko eta jentilei laguntza eskaintzeko.

19 Gudari-talde hura desegiteko asmoz, gudaroste osoa bildu zuen Judasek, jende hura inguratzearren.

20 Bildu zirenean, gotorlekua inguratzen hasi ziren, jaurtigailuak eta gudurako beste zenbait tramankulu eraikiz. Ehun eta berrogeita hamargarren urtea zen.

21 Setiatuak zeudenetako batzuek, hala ere, lortu zuten inguraketari ihes egitea eta, beste israeldar lege-ukatzaile batzuk harturik,

22 Antioko erregeagana jo zuten, esatera: «Noiz arte egon behar duzu gure alde atera gabe eta gure anaiak mendekatu gabe?

23 Gogo onez izan ginen zure aitaren zerbitzari, haren aginduen arabera ibili ginen eta haren legeak bete genituen.

24 Horrexegatik setiatu dute gotorlekua gure herrikide israeldarrek, eta arrotz bezala hartzen gaituzte. Gainera, aurkitu dituzten gutarrak hil egin dituzte eta gure ondasunak ebatsi.

25 Eta gure kontra ez ezik, zure menpeko lurraldeen kontra ere jo dute.

26 Oraintxe bertan, inguratua daukate Jerusalemgo gotorlekua eta hartu egin nahi dute. Santutegia eta Bet-Sur hiria ere sendotu dituzte.

27 Bidea agudo mozten ez badiegu, geroz eta ausartago eginen dira eta ezin izango diezu gero eutsi».

Bet-Zakariaseko gudukatzea

28 Berri hori jakitean, biziki haserreturik, adiskideak eta oinezko eta zalditeriaren gudalburuak bildu zituen erregeak.

29 Beste erreinuetatik eta greziar uharteetatik ere bildu zitzaizkion saripeko gudariak.

30 Ehun mila gudari oinezko, hogei mila zaldizko eta gudurako trebaturiko hogeita hamar elefante zituen erregeak bere gudarostean.

31 Idumean zehar etorririk, inguratu egin zuten Bet-Sur eta luzaro eraso, guda-tramankuluz baliaturik; baina inguratuek irten eta erre egin zizkieten tramankuluak eta oso oldartsu borrokatu ziren.

32 Orduan, Jerusalemgo gotorlekua inguratzeari utzi eta Bet-Zakariasen ezarri zuen Judasek kanpalekua, Antioko erregearen aurrez aurre.

33 Goizean goiz jaiki eta erregeak Bet-Zakariaserako bidetik abiarazi zuen gudarostea azkar. Prestatu ziren gudari-taldeak gudua hasteko eta jo zituzten turutak.

34 Borrokara eragiteko, mahats- eta masusta-zukua erakutsi zizkieten elefanteei.

35 Aberetzar haiek gudari-taldeen artean banatuak zeuden. Elefante bakoitzaren ondoan mila gizon zeuden lerrotan jarriak, bular-sareak eta brontzezko bular-oskolak jantzirik. Gainera, elefante bakoitzarekin aukerako bostehun zaldun zihoazen,

36 aberetzarra gelditzen zenean geldituz eta aurrera egiten zuenean aurrera eginez. Ez zuten bakarrik uzten.

37 Elefante bakoitzak oholez eginiko dorre sendo bana zeraman bizkarrean babeslekutzat, uhalez lotua; dorre bakoitzean hiru gudari zihoazen borroka egiteko, eta gidaria.

38 Gainerako zalditeria gudarostearen alde bietan zihoan, gudarostearen hegalak babesteko eta etsaia zirikatzeko.

39 Eguzkiak urrezko eta brontzezko babeskiak jo zituenean, distirak argitu egin zituen mendiak, lastargi izekiak bailiran.

40 Erregearen gudarosteko talde bat mendien bizkarrez bizkar zihoan; bestea, berriz, lautadan zehar. Denak ongi lerrokaturik eta sendo zihoazen aurrera.

41 Denak dardaraz gelditzen ziren jendetza haren garrasiak, oin-hotsak eta armek elkar jotzean ateratzen zuten zarata entzutean. Izan ere, gudarostea oso handi eta indartsua zen.

42 Judasek eta beronen gudarosteak aurreratu eta ekin zioten borrokari. Erregearen gudarosteak seiehun gizon galdu zituen.

Eleazarren adorea

43 Beste elefanteak baino handiagoa eta errege-oskolaz babestua zihoan bat ikusi zuen Eleazarrek, Abaran deituak, eta uste izan zuen haren gainean joango zela erregea.

44 Orduan, bere burua eman zuen, bere herria salbatu eta betiereko ospea hartzeko.

45 Gudari-taldearen erditik ausarki sartuz, lasterka joan zen aberetzarragana, ezker-eskuin jendea hilez eta bere aurretik etsaiak alde batera eta bestera bazterraraziz.

46 Elefantearen azpira heldu, ezpata sartu eta hil egin zuen. Aberetzarra, ordea, gainera erori zitzaion eta hil egin zen Eleazar.

47 Juduek, berriz, erregearen gudarostearen indar oldartsua ikusirik, atzera egin zuten.

Sion mendia inguratua

48 Antioko erregearen gudarostea Jerusalemerantz abiatu zen, juduak borrokatzera, eta Judea eta Sion mendiaren kontra joateko prestatu zuen erregeak kanpalekua.

49 Erregeak bakeak egin zituen Bet-Sur hirikoekin eta hauek hiritik irten ahal izan zuten; izan ere, lurrarentzat atseden-urtea zenez, ez zuten janaririk hirian babesturik irauteko.

50 Horrela, erregeak Bet-Sur bereganatu eta gudari-taldea jarri zuen bertan, hiria defendatzeko.

51 Luzaro jardun zuen santutegia inguratzen. Geziak jaurtitzeko dorreak eta gudurako tramankuluak eraiki zituen santutegiari erasotzeko: su- eta harri-jaurtigailuak, azkonak jaurtitzeko uztaiak, baita habailak ere.

52 Inguratuek ere, beren aldetik, tramankuluak eraiki zituzten, etsaienei aurre egiteko. Luzaro iraun zuen guduak.

53 Azkenean, ordea, janaririk gabe gelditu ziren biltegian; izan ere, urte hura zazpigarrena zen; gainera, jentilen menpetik askatu eta Judeara ekarritako israeldarrek janak zituzten azken elikagaiak.

54 Goseak eraginik, bada, gizon banaka batzuk santutegian utzirik, nor bere etxera sakabanatu ziren beste guztiak.

Erregeak bakeak egin juduekin

55 Jakin zuen Lisiasek, Filipo —Antioko erregeak, hil aurretik, bere seme Antiokoren heziketaz eta errege izateko prestakuntzaz arduratu zuena—

56 itzulia zela Pertsia eta Mediatik erregearekin joandako gudarostearekin eta gobernuaren zuzendaritza hartu nahian zebilela.

57 Orduan, agudo alde egiteko prestatu zen Lisias eta esan zien errege, gudalburu eta gudarosteari: «Geroz eta ahulagoak gara. Janaria urritzen ari zaigu; setiatzen ari garen gotorlekua oso sendoa da eta, gainera, erresumako arazoez arduratu beharra dugu.

58 Eman diezaiegun eskua gizon horiei eta egin ditzagun bakeak beraiekin eta herri osoarekin.

59 Utz diezaiegun antzinako beren ohituren arabera bizitzen, zeren eta beren usadioak debekatu dizkiegulako haserreturik jokatu baitute horrela».

60 Erregeak eta gudalburuek ontzat eman zuten iritzi hori eta setiatuei bakea eskaintzeko mandatariak bidali zituen erregeak. Setiatuek onartu egin zuten bakea,

61 eta erregeak eta gudalburuek zin egin zieten. Zin horretan fidaturik, atera ziren gotorlekutik

62 eta erregea Sion mendian sartu zen. Baina toki hura zein sendoa zen ikustean, egina zuen zina hautsi eta inguruko harresia botatzeko agindu zuen erregeak.

63 Gero, arrapaladan, Antiokiara itzuli zen. Han, hiriko nagusi Filipo zela aurkitu zuen. Baina eraso eta indarrez jabetu zen hiriaz.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16