1 Makabearrak 8 EABD

Erromatarrei gorazarrea

1 Heldu zen Judasengana erromatarren entzutea: gudari indartsuak omen ziren, ongi hartzen omen zituzten berengana biltzen zirenak eta laguntasun bila joaten zitzaizkienei adiskidetasun-hitza ematen omen zieten. Gudari indartsuak ziren benetan.

2 Eta adierazi zioten Judasi nolako gerrak eta egintza handiak burutu zituzten galaziarren artean, nola menderatu zituzten eta zergapeko egin,

3 zenbat saiatu ziren Espainiako zilar- eta urre-meatzeak berenganatzeko.

4 Beren trebetasun eta kemenari esker jabetuak ziren herrialde hartaz guztiaz, beraienetik oso urruti egon arren. Lurraren azken mugetatik erasotzera etorritako erregeak ere menderatu eta erabat deseginik utziak zituzten; beste batzuek urtero zergak ordaindu behar zizkieten.

5 Filipo eta Pertseo, Mazedoniako erregeak, ere menderatuak zituzten, baita kontra joan zitzaizkien beste guztiak ere.

6 Antioko Handia, Asia Txikiko erregea, erromatarrak borrokatzera joan zen behinola, ehun eta hogei elefante, zalditeria, guda-gurditeria eta gudaroste handi batekin. Erromatarrek, ordea, menderatu egin zuten.

7 Bizirik harrapatu zutelarik, zerga handiak ordaintzera eta presoak ematera behartu zituzten bera eta beraren ondorengoak.

8 India, Media eta Lidia, bere erreinuko eskualderik ederrenak ere, kendu eta Eumene erregeari eman zizkioten.

9 Erromatarrak suntsitzera joatea pentsatu zuten greziarrek.

10 Erromatarrek, ordea, hori jakitean, greziarren kontra gudalburu bakarra bidali, eraso eta greziar asko hil zuten. Haien emazte eta haurrak gatibu eraman zituzten, ondasunak ostu eta herrialdea menpean hartu zuten; gotorlekuak xehatu eta esklabo egin zituzten gaurdaino.

11 Eta noizbait aurre egin izan zieten beste erreinu eta uharteak ere hondatu eta menpeko egin zituzten. Beren adiskideekin, aldiz, eta beraiengan babesten zirenekin adiskide gisa jokatzen zuten.

12 Menperatuak zituzten beren inguruetako nahiz urrutiko erregeak. Erromatarren izena entzuten zutenak ikaratu egiten ziren.

13 Erromatarrek erregetza eskuratzen laguntzen dietenak izan ohi dira errege, eta beraiek nahi dituztenak bota egiten dituzte errege-aulkitik. Agintearen gorenean daude.

14 Hala eta guztiz, erromatar batek ere ez du bere burua errege izendatzen, ezta purpuraz janzten ere aginpidea handitzeko;

15 baizik eta legebiltzarra antolatu dute eta egunero etengabe hirurehun eta hogei legebiltzarkide hizketatzen dira herriko arazoez, dena egoki eratzeko.

16 Urtean gizon bati eman ohi diote, beraiek eta inperio osoa gobernatzeko agindua. Denek egiten dute gizon horren esana, ezin ikusirik eta inbidiarik gabe.

Juduek hitzarmena egin erromatarrekin

17 Akos-en apaiz-senitartekoa zen Joanen seme Eupolemo eta Eleazarren seme Jason hautatu zituen Judasek Erromara bidaltzeko, erromatarrekin adiskidetasun- eta elkargo-hitzarmena egin zezaten,

18 gainean zuten uztarria astindu nahirik. Izan ere, ikusten zuten greziarren aginteak morrontzapean zanpatua zuela Israel.

19 Hala, bide luzea eginik, Eupolemo eta Jason Erromara heldu ziren. Legebiltzarrean sartu eta hitza hartu zuten:

20 «Judas Makabearrak, beronen anaiek eta judu-herriak bidali gaituzte zuengana, zuekin elkargo- eta bake-hitzarmena egitera, eta zeuen aldekotzat hartu eta adiskideen artean sar gaitzazuen eskatzera».

21 Ongi iruditu zitzaien eskabidea legebiltzarkideei

22 eta, brontzezko oholetan idatzirik, gutuna igorri zuten Jerusalemera, bake- eta elkargo-agiri izan zedin. Hona zer zioen gutunak:

23 «Bihoakie ongi erromatarrei eta judu-herriari betiko, bai itsasoan, bai lehorrean! Urrun bekizkie ezpatak eta etsaiak!

24 Baina erromatarren kontra nahiz berauen edozein adiskideren kontra, Erromaren menpeko edozein tokitan, gerrarik sor baledi,

25 judu-herriak borroka egin beharko du bihotz osoz, momentuko egoeraren arabera.

26 Ez diezaiela garirik, ez armarik, ez dirurik, ez itsasontzirik eman erromatarren etsaiei. Horrela erabaki du Erromak. Bete bezate hitzemandako guztia, ordainetan deus ere hartu gabe.

27 Era berean, gerra judu-herriaren kontra baledi, erromatarrak beraren alde borrokatuko dira gogo osoz, momentuko egoeraren arabera.

28 Ez diete garirik, ez armarik, ez dirurik, ez itsasontzirik emango juduen etsaiei. Horrela erabaki du Erromak. Bete bezate hitzemandako guztia amarrukeriarik gabe.

29 Hauxe da erromatarrek eta judu-herriak elkarrekin egin duten hitzarmena.

30 Gerora bai batzuek, bai besteek zerbait erantsi edota kendu nahi izango balute, elkarrekin bat etorriz egin beharko dute, eta orduan erantsia nahiz kendua baliozkoa izango da.

31 «Demetrio erregeak egin dizkizuen kalteei buruz, honako hau idatzi diogu: Zergatik ezarri diezu halako uztarri astuna gure adiskide eta gudalagun diren juduei?

32 Zutaz berriro inolako kexurik baldin badute, beraien alde aterako gara eta gerra eginen dizugu, bai itsasoz, bai lehorrez».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16