1 Makabearrak 11 EABD

Ptolomeo IV.ak Alexandro Epifanes menderatu

1 Egiptoko errege Ptolomeok itsasertzeko hondarra bezain ugari zen gudarostea bildu zuen, baita ontziteria ere. Alexandroren erreinuaz azpikeriaz jabetu eta bereari gehitzeko asmoa zuen.

2 Abiatu zen, bada, Siriarantz bake-itxuran. Hirietako jendea, ateak ireki eta bidera ateratzen zitzaion ongietorria egitera, halaxe egiteko agindu baitzien Alexandro erregeak, Ptolomeo aitaginarreba zuenez.

3 Honek, ordea, hiri batean sartu bezain agudo, gudari-taldea uzten zuen bera zaintzen.

4 Azotora hurbildu zenean, Dagonen jauretxea erakutsi zioten, suak errea, hiria bera eta inguruak hondatuak, gorpuak han-hemenka barreiatuak, baita borrokan kiskalirik hil zirenen gorpuak ere, erregeak igaro behar zuen tokian metatuak.

5 Jonatanek egin zuena ere kontatu zioten, Ptolomeok gaitzetsiko zuelakoan; baina erregea isildu egin zen.

6 Jonatan, ospe handiz inguratua, Jopera joan zitzaion bila. Agurtu zuten elkar eta bertan eman zuten gaua.

7 Biharamunean, Eleutero izeneko ibairaino lagundu zion Jonatanek Ptolomeori; gero, Jerusalemera itzuli zen.

8 Ptolomeo erregea itsasaldeko Seleuzia bitartean zeuden itsas herriez jabetu zen. Bitartean, asmo gaiztoak egosten ari zen Alexandroren kontra.

9 Mezulariak bidali zizkion Demetrio erregeari, esatera: «Egin dezagun hitzarmena bion artean. Orain Alexandrok emazte duen neure alaba emango dizut eta zeure aitaren erreinuan errege izango zara.

10 Damu dut alaba berari eman izana, ni hil nahian ibili baita».

11 Alexandroren erreinua beretzat nahi zuelako zioen gezur gaizto hori.

12 Kendu zion, bada, alaba Alexandrori eta Demetriori eman; horrela, Alexandrogandik banandu egin zen eta agerian jarri zen bien arteko etsaigoa.

13 Antiokian sartu eta Asiako erregegoa hartu zuen eta bi erreinuetako koroaz jabetu: Egiptokoaz eta Asiakoaz.

14 Alexandro erregea, aldi hartan, Zilizian zen, eskualde hartako bizilagunak asaldatu egin baitzitzaizkion.

15 Ptolomeok egin zuenaren berri jakitean, beraren kontra borrokatzera etorri zen; baina Ptolomeok, gudaroste handi batekin aurre egin eta menderatu egin zuen.

16 Alexandro Arabiara joan zen ihesi, babes bila, eta Ptolomeo garaile gertatu zen.

17 Zabdiel zeritzan arabiar batek Alexandrori lepoa moztu zion eta burua Ptolomeori bidali.

18 Bi egunen buruan, ordea, Ptolomeo ere hil egin zen. Orduan, gotorlekuetako jendeak hil egin zituen Ptolomeok jarritako gudari-taldeak.

19 Demetrio, berriz, errege izaten hasi zen. Seleukotarren agintealdiko ehun eta hirurogeita zazpigarren urtea zen.

Demetrio II.a juduen alde

20 Aldi hartan, Judeako gudariak bildu zituen Jonatanek Jerusalemgo gotorlekuari erasotzeko. Guda-tramankulu ugari eraiki zuen horretarako.

21 Baina, beren herria gorroto zuten lege-hausle batzuk erregeagana joan eta Jonatan Jerusalemgo gotorlekuari erasoka ari zitzaiola salatu zioten.

22 Hori entzutean, Demetrio erregea, biziki haserreturik, abiatu eta Ptolemaida hirira etorri zen. Gotorlekua inguratzeari utzi eta Ptolemaidara berarekin mintzatzera albait lehen etortzeko aginduz idatzi zion Jonatani.

23 Honek, berriz, hori jakitean, inguraketa jarraitzeko agindu zuen. Gero, Israelgo arduradun eta apaiz batzuk harturik, arriskuan jarri zuen bere burua.

24 Izan ere, zilar, urre, jantzi eta beste esku-erakutsi asko harturik, erregeagana joan zen Ptolemaidara. Erregeak onez hartu zuen.

25 Herritar lege gabeko haiek Jonatanen kontra salakuntzak egin zituzten arren,

26 aurreko erregeek hartu izan zuten bezain ongi hartu zuen Demetriok: goraipatu egin zuen adiskide guztien aitzinean.

27 Apaizgo nagusian eta lehendik zituen kargu guztietan sendotu zuen Jonatan, eta bere adiskiderik handienen arteko egin.

28 Judea eta Samaria aldeko hiru eskualdeak zergak ordaindu beharretik libra zitzan eskatu zion Jonatanek erregeari; horren ordainetan, zortzi mila eta ehun kilo inguru zilar agindu zizkion.

29 Onartu zuen erregeak hori, eta gutun hau idatzi zion Jonatani arazo hauez guztiez:

30 «Demetrio erregeak bere anaia Jonatani eta judu-herri osoari, agur!

31 Gure senide Lastenesi zuei buruz idatzi diogun gutunaren kopia bidaltzen dizuegu, jakin dezazuen:

32 “Demetrio erregeak Lastenes bere kontseilariari, agur!

33 Gureganako duen jarrera onarengatik judu-herriari mesede egitea erabaki dugu, adiskide baitugu eta zuzen jokatzen baitu gurekin.

34 Judea lurralde osoaren eta Aferema, Lida eta Ramataim eskualdeen jabe direla baieztatzen dugu. Samariari kenduak eta Judeari erantsiak dira eskualde horiek, beren inguruekin. Jerusalemen sakrifizioak eskaintzen dituztenen mesedetan egin zen hori, erregeak haiei urtero kendu ohi zizkien lurraren nahiz fruta-arbolen emaitzei buruzko zergen ordainetan.

35 Bestalde, hemendik aurrera barkatu egiten dizkiegu guri dagozkigun beste hartzekoak: hamarrenak, zergak eta gatzagei eta koroari dagozkienak. Barkatu egiten diegu hau guztia.

36 Aurrerantzean ez beza inork indargabe utzi erabaki hauetako bat ere inoiz.

37 Saia zaitez, beraz, erabaki hauen kopia egin eta Jonatani ematen, mendi santuan denek ikusteko eran ezartzeko” ».

Gudarostea Demetrio II.aren aurka

38 Bere agintepean herrialdea bakean zegoela eta inork ere kontra egiten ez ziola ikusirik, Demetrio erregeak nor bere etxera bidali zituen gudariak, greziarren uharteetan bilduak zituen gudari arrotzak izan ezik. Hori zela eta, aurreko erregeenak izaniko gudari-taldeak aurka jarri zitzaizkion.

39 Orduan, Trifonek, lehen Alexandroren aldeko izanak, gudariak Demetrioren aurka marmarrean ari zirela ikusirik, Imalkue arabiarragana jo zuen, hura ari baitzen Alexandroren seme Antioko hazten.

40 Mutikoa emateko eskatu zion, aitaren errege-aulkian ezartzeko. Demetrioren egintzen berri eman zion eta gudariek hari nolako gorrotoa zioten adierazi. Egun askotan egon zen han Trifon.

Jonatanek asaldatuak menderatu

41 Aldi berean, Jerusalemgo gotorlekuko eta beste gotorlekuetako gudari-taldeak kentzeko eskatu zion Jonatanek Demetriori, gudari-talde haiek beti gatazkan ari baitziren Israelen kontra.

42 Demetriok erantzun zion Jonatani: «Egingo dut hori zuregatik eta zure herriarengatik; gainera, ohorez beteko zaituztet zu eta zure herria, aukera izan bezain laster.

43 Baina orain, mesedez, bidal iezazkidazu gizonak nire alde borrokatzera, neure gudari-talde guztiek alde egin baitidate».

44 Jonatanek hiru mila gudari ausart bidali zizkion Antiokiara; haiek heltzean, poz handia hartu zuen erregeak.

45 Hiriko jendea, ehun eta hogeiren bat mila lagun, kalera atera zen asaldaturik, erregea hiltzeko asmoz.

46 Erregea jauregian gerizatu zen eta hiriko jendeak kaleak hartu zituen, gatazka hasiz.

47 Orduan, erregeak juduei dei egin zien, lagun ziezaioten. Juduak, lehenbizi, erregearen inguruan bildu ziren eta, gero, hirian barrena zabaldu. Egun hartan ehun mila lagun inguru hil zituzten,

48 hiriari su eman, harrapakin ugari hartu eta erregea salbatu zuten.

49 Juduek hiria beren gogora menderatua zutela ikustean, kikildu egin zen jendea eta oihuka eskatu zioten erregeari:

50 «Egin ditzagun bakeak eta utz diezaiotela juduek hiriaren kontra borrokatzeari».

51 Armak utzi eta bakeak egin zituzten. Juduek izen handia hartu zuten erregearen eta erreinuko jende guztiaren aurrean. Gero, harrapakin ugari berekin zeramatela, Jerusalemera itzuli ziren.

52 Demetriok sendotu egin zuen errege-aulkia eta herrialdea bakean gelditu zen beraren agintepean.

53 Demetriok, ordea, ez zion eutsi hitzemanari eta Jonatanen etsai bihurtu zen. Honek eginak zizkion zerbitzuak eskertu ordez, buruhauste asko eman zion.

Antioko VI.a Jonatanekin elkartu

54 Horren guztiaren ondoren, itzuli zen Trifon, Antioko mutikoa berekin zekarrela, errege izendatu zuen eta koroa ezarri.

55 Demetriok etxera bidalitako gudariak errege berriaren inguruan bildu ziren eta Demetrioren aurka borrokatu. Honek, menderatu zutelarik, ihes egin behar izan zuen.

56 Eta Trifon, elefanteez baliatuz, Antiokiaz jabetu zen.

57 Orduan, Antioko errege gazteak gutun hau idatzi zion Jonatani: «Zeure apaizgo nagusia berresten dizut. Lau eskualdeetako gobernari egiten zaitut, baita erregearen adiskideen arteko ere».

58 Urrezko ontziak eta mahai-hornidura osoa bidali zizkion, eta urrezko ontzietan edateko, purpuraz janzteko eta urrezko orratza eramateko baimena eman.

59 Eta Jonatanen anaia Simon gudalburu egin zuen, Tiroko Mailaditik Egiptoko mugaraino dagoen eskualderako.

Jonatanen eta Simonen konkistak

60 Eufrates ibaiaz mendebaldeko lurralde eta hirietan barrena joan zen Jonatan. Siriako gudaroste osoa bildu zitzaion, berarekin batera borrokatzeko. Askalon hirira heldu zenean, hango bizilagunek ongietorri handia egin zioten.

61 Handik Gazara jo zuen, baina bertako bizilagunek itxi egin zizkioten ateak. Jonatanek inguratu egin zuen eta su eman inguruetako auzuneei eta lapurretak egin zituen beraietan.

62 Gazako jendeak eskaturik, bakeak egin zituen Jonatanek beraiekin; baina hango agintarien semeak bahitu eta Jerusalemera eraman zituen. Ondoren, lurralde osoan zehar ibili zen, Damaskoraino.

63 Jonatan bere kargutik botatzeko, Demetrioren gudalburuak Galileako Kedesera gudaroste handi batekin etorriak zirela jakitean,

64 Jonatan, herrialdea bere anaia Simonen ardurapean utzi ondoren, haien bila atera zen.

65 Simonek, Bet-Sur aurrean kanpalekua ezarririk, hiria inguratu eta egun askotan eraso zion.

66 Hirikoek eskaturik, bakeak egin zituen haiekin; baina, jendea irtenarazi ondoren, hiria hartu eta gudari-taldea ezarri zuen bertan.

67 Jonatanek, bere aldetik, Genesaret aintziraren ertzean ezarri zuen kanpalekua eta, goizean goiz abiaturik, Asorreko lautadara heldu zen.

68 Orduantxe zetorren arrotzen gudarostea Jonatanen bila lautadan zehar, gizon batzuk mendian zelatan utzi ondoren. Jonatanek bere gudarostearekin aurrera egitean,

69 zelatan zeuden gizonek agertu eta borrokari ekin zioten.

70 Jonatanen gudari guztiek ihes egin zuten; ez zen bat ere gelditu, bi gudalburu izan ezik: Absalomen seme Matatias eta Kalfiren seme Judas.

71 Jonatanek, soinekoak urraturik, burura hautsa bota eta otoitz egin zuen.

72 Gero, borrokari ekin zion eta, etsaiak garaiturik, ihes eragin zien.

73 Hori ikustean, ihesi joandako gizonak Jonatanengana itzuli eta etsaien ondoren joan ziren, berarekin batera, etsaiek Kedesen zuten kanpalekuraino.

74 Etsaien gudarosteko hiru mila gizon erori ziren egun hartan. Jonatan, berriz, Jerusalemera itzuli zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16