1 Makabearrak 10 EABD

Demetrio I.ak Jonatanekin elkartu nahi

1 Seleukotarren agintealdiko ehun eta hirurogeigarren urtean Antiokoren seme Alexandro Epifanes itsasoz etorri eta Ptolemaida hiriaz jabetu zen. Eta ongi hartu zutenez, errege izaten hasi zen bertan.

2 Horren berri izatean, gudaroste handia hartu eta haren kontra gudukatzera abiatu zen Demetrio erregea.

3 Adiskide-gutuna bidali zion Jonatani, handietsi egingo zuela hitzemanez.

4 Izan ere, bere baitan zioen: «Egin ditzagun lehenbailehen bakeak juduekin, Jonatanek Alexandrorekin gure kontra egin baino lehen;

5 izan ere, oraindik oroituko da zenbat kalte egin diegun berari, beraren anaiei eta herri osoari».

6 Horrela, bada, gudarostea antolatzeko eta armak egiteko ahalmena eman zion Demetriok Jonatani. Gudalagun izateko hartu zuen eta Jerusalemgo gotorlekuan zeuden presoak berari emateko agindu.

7 Jerusalemera joan eta herri osoak eta gotorlekuan zeudenek entzuteko eran irakurri zuen Jonatanek gutuna.

8 Gudarostea biltzeko erregeak ahalmena eman ziola entzutean, beldurtu egin ziren gotorlekukoak

9 eta bertan preso zeuzkaten bahituak Jonatani eman zizkioten; honek, gero, beren gurasoei itzuli zizkien.

10 Jonatan Jerusalemen gelditu zen bizitzen eta hiria berreraiki eta berriztatzen hasi.

11 Harresiak eraiki eta Sion mendia harlanduz inguratu eta gotortzeko agindu zien lan-arduradunei. Eta halaxe egin zuten.

12 Bakidesek eraikitako gotorlekuetan zeuden atzerritarrek ihes egin zuten,

13 beren gudari-postuak utzirik, eta nor bere herrialdera joan zen.

14 Hala ere, gelditu ziren Bet-Surren Jainkoaren legea eta aginduak gutxiesten zituzten batzuk, hiri hura babes-hiri zelako.

Jonatan apaiz nagusi izendatu

15 Jakin zuen Alexandro erregeak nolako eskaintza egina zion Demetriok Jonatani, baita nolako egintza handiak egin eta nolako nekeak jasan izan zituzten Jonatanek eta anaiek ere.

16 Eta esan zuen Alexandro erregeak: «Aurki ote dezakegu horrelako beste gizonik? Egin dezagun geure adiskide eta gudalagun».

17 Eta honako gutun hau idatzi zion:

18 «Alexandro erregeak bere anaia Jonatani, agur!

19 Jakin dugu gizon ausarta zarela eta merezi duzula gure adiskide izatea.

20 Beraz, gaurtik aurrera zeure herriko apaiz nagusi eta erregearen adiskide izendatzen zaitugu. Zu, berriz, jar zaitez gure alde eta izan gure adiskide». Gutunarekin batera, purpurazko soingainekoa eta urrezko koroa igorri zizkion.

21 Ehun eta hirurogeigarren urteko zazpigarren hilean, Etxola Jaian, hartu zituen Jonatanek soinean apaiz-jantziak. Gero, gudari-taldea bildu zuen eta arma ugari prestatu.

Demetrio I.ak beste eskaintza berriak egin Jonatani

22 Hori jakitean, atsekabeturik, esan zuen Demetriok:

23 «Zer egin ote dugu, Alexandrok guri aurrea hartu eta juduen adiskidetasuna eta laguntza berak lortzeko?

24 Neuk ere idatzi beharko diet, lausengatuz eta goi-mailako karguak eta emaitzak eskainiz, beren laguntasuna eman diezadaten».

25 Eta hau idatzi zien: «Demetrio erregeak judu-herriari, agur!

26 Pozez jakin dugu gorde duzuela gurekin egin zenuten hitzarmena eta gure adiskide izaten iraun duzuela, gure etsaien aldera aldatu gabe.

27 Jarrai ezazue gurekin leial izaten, eta on eginez sarituko dizuegu gure alde egina.

28 Zerga asko kenduko dizuegu eta mesede ugari egingo.

29 Oraindanik, zergak ordaintzetik libre uzten zaituztet: bai gatzaren, bai koroaren zerga kentzen dizuet judu guztioi.

30 Gainera, gaurtik aurrera, uko egiten diot, betiko, zegozkidan uztaren herena eta zuhaitzetako fruituen erdia hartzeari. Eta hori, Judean ez ezik, beroni atxiki zaizkion Samaria eta Galileako hiru eskualdeetan ere bai.

31 «Santua izanen da Jerusalem, eta hamarrenak eta zergak ordaintzetik libre, baita beraren lurralde osoa ere.

32 Uko egiten diot Jerusalemgo gotorlekuaren gain dudan aginteari eta apaiz nagusiari damaiot; berak hautaturiko gudariak jar ditzake bertan, gotorlekua defendatzeko.

33 Judeatik nire erreinuko edozein tokitara gatibu eramaniko judu orori askatasuna itzultzen diot, ordainketa egin beharrik gabe. Ez du inork zergarik ordaindu beharrik izango, ezta abereenik ere.

34 Jaiegun, larunbat eta ilberri-jaietan nire erreinuko juduek ez dute zergarik ordaindu beharrik izango, ezta agindutako jaiegun horien aurreko eta ondoko hiru egunetan ere.

35 Ez du inork baimenik izango juduei kontuak eskatzeko, ezta inolako arazorengatik eragozpenik jartzeko ere.

36 Erregearen gudarostean hogeita hamar milaraino judu sartuko dira, eta gainerako gudariek bezainbateko saria hartuko dute.

37 Haietarik batzuk erregearen gotorleku garrantzitsuenetan ipiniko dituzte eta beste batzuk erreinuan diren konfiantzazko postuetan. Ofizialak eta gudalburuak juduen artetik hautatuak izanen dira eta beren legeen arabera jokatuko dute, erregeak Judea herrialderako agindua duenez.

38 Judeari atxiki zaizkion Samaria probintziako hiru eskualdeak geldi bitez Judeari atxikiak eta har bitza Judeak beretzat. Nagusi bakarra izanen dute; ez bezate apaiz nagusia beste agintaririk onar.

39 «Ptolemaida hiria eta beronen lurraldea Jerusalemgo santutegiari dohaintzat damazkiot, bertako kultu-gastuak ordaintzeko.

40 Neure aldetik, zilarrezko hamabost mila txanpon emango ditut urtero; erregearen zerga-dirutik hartuko dira, egoki zaizuen hirietan.

41 Nire zerbitzariek aurreko urteetan ordaindu gabe utzitako diru-laguntzak, hemendik aurrera, tenpluko lanetarako emango dituzte, lehen egin ohi zen bezala.

42 Gainera, santutegiak dituen diru-sarreretatik urtero kentzen diren zilarrezko bost mila txanponak bertan diharduten apaizentzat uzten ditut.

43 Erregeari zergak zor dizkiolako nahiz beste edozein arazo duelako, Jerusalemgo tenpluan edota beronen barrutian norbait babesten bada, libre izango dira bai bera, bai nire erreinuan dituen ondasun guztiak.

44 Santutegia eraikitzeko nahiz konpontzeko gastuak erregearen kontura izango dira.

45 Jerusalem inguruko harresi eta gotorlekuen eraikitze-gastuak erregearen kontura izango dira, baita Judeako beste hirietako harresiak eraikitzearenak ere».

46 Eskaintza honen berri izatean, Jonatanek eta herriak ez zuten sinetsi nahi izan, ezta aintzakotzat hartu ere, oroitzen baitziren Demetriok Israeli egindako kalte izugarriez eta nolako atsekabeak ekarri zizkien.

47 Beraz, Alexandroren aldera jo zuten, bake-eskaintza egiten lehena izan baitzen. Eta harekin elkartu ziren betiko.

Demetrio hil

48 Alexandro erregea, gudaroste handia bildurik, Demetriori kontra egiteko prestatu zen.

49 Bi erregeek guduari ekin ziotelarik, Demetrioren gudarostea ihesi joan zen. Baina Alexandrok atzetik joan eta menderatu egin zuen.

50 Ilunabarra arte borrokari gogor eutsi zion arren, egun hartan erori egin zen Demetrio.

Alexandrok eta Ptolomeok hitzarmena egin

51 Alexandrok mezulariak bidali zizkion Egiptoko errege Ptolomeori mezu honekin:

52 «Neure erreinura itzulirik, neure aurrekoen errege-aulkian eseri eta agintea hartu dut, Demetrio menderatu eta herrialdeaz jabetu ondoren.

53 Izan ere, gerra egin nion Demetriori eta, bera eta gudarostea garaitu ondoren, beraren errege-aulkian eseri naiz.

54 Izan gaitezen biok elkarren adiskide. Emadazu alaba emaztetzat; zure suhi izango naiz eta dagozkizun bezalako esku-erakutsiak egingo dizkizuet bai zuri, bai alabari».

55 Ptolomeo erregeak erantzun zion: «Zorionekoa, zeure aurrekoen erreinura itzuli eta beraien errege-aulkian eseri zareneko eguna!

56 Horra, egingo dizut idatziz eskatu didazuna. Baina zatozkit Ptolemaidara, elkar ikus dezagun eta zeure aitaginarreba izango nauzu, zeuk eskatu bezala».

57 Egiptotik atera eta Ptolemaidara heldu zen Ptolomeo bere alaba Kleopatrarekin. Ehun eta hirurogeita bigarren urtea zen.

58 Alexandro bidera atera zitzaion Ptolomeori eta honek bere alaba Kleopatra eman zion. Ezteiak Ptolemaidan izan ziren, erregeei dagokien bezalako ospe handiz.

Jonatan gobernari izendatu

59 Alexandro erregeak Jonatani idatzi zion, etortzeko eskatuz.

60 Ospe handiz inguratua joan zen Jonatan Ptolemaidara eta bi erregeekin egon zen. Haiei eta beraien adiskideei zilarra, urrea eta esku-erakutsi ugari eman zizkien. Horrela, haien begiko egin zen.

61 Orduan, lege-hausle batzuk, Israelgo satsa zirenak, elkar hartu eta erregeagana joan ziren, Jonatanen aurka salakuntzak egitera. Baina erregeak ez zien kasurik ere egin,

62 baizik eta Jonatani bere soinekoak erantzi eta purpuraz janzteko agindu zuen. Eta halaxe egin zuten.

63 Ondoren, bere alboan eserarazi eta agindu hau eman zien bere ofizialei: «Zoazte Jonatanekin hirira eta hots egin, ez dezala bera inork ere ezerengatik sala, ezta gogaitu ere».

64 Erregearen aginduz Jonatan nola ohoratzen zuten eta purpuraz jantzia nola zebilen ikusirik, salatzaile guztiek ihes egin zuten.

65 Bere adiskiderik handienetako eginez eta gudalburu eta gobernari izendatuz ohoratu zuen erregeak Jonatan.

66 Orduan, Jonatan Jerusalemera itzuli zen bakean eta pozik.

Demetrio II.a Nikator Jonatanen aurka

67 Ehun eta hirurogeita bosgarren urtean Demetrio I.aren semea, Demetrio II.a, Kretatik bere arbasoen herrira etorri zen.

68 Hori jakitean, Alexandro erregea, oso nahigabeturik, Antiokiara itzuli zen.

69 Demetriok, berriz, Apolonio ezarri zuen Koele-Siria eskualdeko gobernari. Honek, gudaroste handia bildu ondoren, kanpalekua Jamnian ezarri eta mezu hau igorri zion Jonatan apaiz nagusiari:

70 «Zu zara guri kontra egiten digun bakarra. Zure erruz barre eta burla egiten didate. Zergatik agertzen zara hain indartsu mendietan gure aurka?

71 Zeure gudarosteagan halako konfiantza baldin baduzu, jaitsi lautadara guri kontra egitera eta han neurtuko ditugu indarrak. Hirietako gudariak neure alde ditut.

72 Galdetu eta jakingo duzu nor naizen eta nor ditudan lagun. Guri ezin izango diguzuela eutsi diote lagun horiek; zuen arbasoak ere beren herrialdean bertan bi aldiz menderatuak izan baitziren.

73 Zuk ere ezin izango diozu eutsi halako zalditeria eta gudaroste handiari lautadan, ez haitzik, ez babeslekurik ez dagoen tokian».

Jonatanek Apolonio menderatu

74 Apolonioren hitzak entzutean, larritu egin zitzaion barrua Jonatani. Hamar mila gizon aukeratu eta abiatu egin zen Jerusalemdik; anaia Simon ere laguntzera joan zitzaion.

75 Jope hiriaren aurrean ezarri zuten kanpalekua. Hiri barruko bizilagunek, ordea, itxi egin zizkieten ateak, Apolonioren gudari-talde bat baitzegoen bertan. Baina juduek erasotzean,

76 hiriko jendeak, beldurraren beldurrez, ireki egin zizkien ateak eta Jonatan jabetu egin zen Jope hiriaz.

77 Horren berri izatean, hiru mila zaldizko eta gudaroste handiarekin Azoto hiriko bidea hartu zuen Apoloniok, handik igarotzeko itxurak eginez. Baina, aldi berean, lautadarantz jo zuen, konfiantza handia baitzuen bere zalditeria handiarengan.

78 Jonatan atzetik joan zitzaion Azotorantz, eta bi gudarosteek borrokari ekin zioten.

79 Apoloniok mila zaldizko utziak zituen atzean, ezkutuan.

80 Ohartu zen Jonatan atzean ere etsaiak zituela zelatan. Zaldizko haiek juduen gudarostea inguratu eta goizetik arratsera geziak jaurtitzen ari izan zitzaizkion.

81 Hala ere, juduen gudarosteak sendo eutsi zion erasoari, Jonatanek agindu bezala. Azkenean, nekatu egin ziren etsaien zaldiak.

82 Simon, orduan, bere gudarostea atera eta etsaien kontra oldartu zen. Eta zalditeria leher egina zegoenez, menderatu eta ihes eragin zion.

83 Zalditeria lautadan barreiatu zen. Ihesi joanak Azotora heldu eta Dagonen jauretxean, beren idoloaren santutegian, sartu ziren, beren bizia salbatzeko asmoz.

84 Jonatanek, ordea, su eman zien Azotori eta inguruko herriei, eta harrapakinak hartu eta erre egin zuen Dagonen jauretxea, bertan babestu ziren guztiekin.

85 Zortzi milaren bat hil ziren ezpataz nahiz sutan kiskaliak.

86 Handik atera eta Askalon hiriaren aurrean ezarri zuen Jonatanek kanpalekua. Hiri hartakoak ongietorria ohore handiz egitera atera zitzaizkion.

87 Gero, Jerusalemera itzuli zen Jonatan bere gizonekin, harrapakin ugari eramanez.

88 Honen guztiaren berri jakitean, Alexandro erregeak ohore handiagoa eman zion Jonatani

89 eta urrezko orratza bidali, erregearen ahaideei eman ohi zaiena bezalakoa. Gainera, Akaron hiriaren eta inguru guztiaren jabe egin zuen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16