24 Neuk ere idatzi beharko diet, lausengatuz eta goi-mailako karguak eta emaitzak eskainiz, beren laguntasuna eman diezadaten».
25 Eta hau idatzi zien: «Demetrio erregeak judu-herriari, agur!
26 Pozez jakin dugu gorde duzuela gurekin egin zenuten hitzarmena eta gure adiskide izaten iraun duzuela, gure etsaien aldera aldatu gabe.
27 Jarrai ezazue gurekin leial izaten, eta on eginez sarituko dizuegu gure alde egina.
28 Zerga asko kenduko dizuegu eta mesede ugari egingo.
29 Oraindanik, zergak ordaintzetik libre uzten zaituztet: bai gatzaren, bai koroaren zerga kentzen dizuet judu guztioi.
30 Gainera, gaurtik aurrera, uko egiten diot, betiko, zegozkidan uztaren herena eta zuhaitzetako fruituen erdia hartzeari. Eta hori, Judean ez ezik, beroni atxiki zaizkion Samaria eta Galileako hiru eskualdeetan ere bai.