36 Erregearen gudarostean hogeita hamar milaraino judu sartuko dira, eta gainerako gudariek bezainbateko saria hartuko dute.
37 Haietarik batzuk erregearen gotorleku garrantzitsuenetan ipiniko dituzte eta beste batzuk erreinuan diren konfiantzazko postuetan. Ofizialak eta gudalburuak juduen artetik hautatuak izanen dira eta beren legeen arabera jokatuko dute, erregeak Judea herrialderako agindua duenez.
38 Judeari atxiki zaizkion Samaria probintziako hiru eskualdeak geldi bitez Judeari atxikiak eta har bitza Judeak beretzat. Nagusi bakarra izanen dute; ez bezate apaiz nagusia beste agintaririk onar.
39 «Ptolemaida hiria eta beronen lurraldea Jerusalemgo santutegiari dohaintzat damazkiot, bertako kultu-gastuak ordaintzeko.
40 Neure aldetik, zilarrezko hamabost mila txanpon emango ditut urtero; erregearen zerga-dirutik hartuko dira, egoki zaizuen hirietan.
41 Nire zerbitzariek aurreko urteetan ordaindu gabe utzitako diru-laguntzak, hemendik aurrera, tenpluko lanetarako emango dituzte, lehen egin ohi zen bezala.
42 Gainera, santutegiak dituen diru-sarreretatik urtero kentzen diren zilarrezko bost mila txanponak bertan diharduten apaizentzat uzten ditut.