43 Erregeari zergak zor dizkiolako nahiz beste edozein arazo duelako, Jerusalemgo tenpluan edota beronen barrutian norbait babesten bada, libre izango dira bai bera, bai nire erreinuan dituen ondasun guztiak.
44 Santutegia eraikitzeko nahiz konpontzeko gastuak erregearen kontura izango dira.
45 Jerusalem inguruko harresi eta gotorlekuen eraikitze-gastuak erregearen kontura izango dira, baita Judeako beste hirietako harresiak eraikitzearenak ere».
46 Eskaintza honen berri izatean, Jonatanek eta herriak ez zuten sinetsi nahi izan, ezta aintzakotzat hartu ere, oroitzen baitziren Demetriok Israeli egindako kalte izugarriez eta nolako atsekabeak ekarri zizkien.
47 Beraz, Alexandroren aldera jo zuten, bake-eskaintza egiten lehena izan baitzen. Eta harekin elkartu ziren betiko.
48 Alexandro erregea, gudaroste handia bildurik, Demetriori kontra egiteko prestatu zen.
49 Bi erregeek guduari ekin ziotelarik, Demetrioren gudarostea ihesi joan zen. Baina Alexandrok atzetik joan eta menderatu egin zuen.