65 Bere adiskiderik handienetako eginez eta gudalburu eta gobernari izendatuz ohoratu zuen erregeak Jonatan.
66 Orduan, Jonatan Jerusalemera itzuli zen bakean eta pozik.
67 Ehun eta hirurogeita bosgarren urtean Demetrio I.aren semea, Demetrio II.a, Kretatik bere arbasoen herrira etorri zen.
68 Hori jakitean, Alexandro erregea, oso nahigabeturik, Antiokiara itzuli zen.
69 Demetriok, berriz, Apolonio ezarri zuen Koele-Siria eskualdeko gobernari. Honek, gudaroste handia bildu ondoren, kanpalekua Jamnian ezarri eta mezu hau igorri zion Jonatan apaiz nagusiari:
70 «Zu zara guri kontra egiten digun bakarra. Zure erruz barre eta burla egiten didate. Zergatik agertzen zara hain indartsu mendietan gure aurka?
71 Zeure gudarosteagan halako konfiantza baldin baduzu, jaitsi lautadara guri kontra egitera eta han neurtuko ditugu indarrak. Hirietako gudariak neure alde ditut.